Ia 500 atletek parte hartuko dute Lekeitioko 26. Triatloian
Antolatzaileek nesken parte harte hartzea azpimarratu dute; 80 emakume lehiatuko dira. Lekeitioko Udalak Garraitz Kirol Taldeko kideen lana goraipatu duLekeitioko Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, Lekeitioko 26. Triatloia egingo da bihar. 17:00etan h...
Antolatzaileek nesken parte harte hartzea azpimarratu dute; 80 emakume lehiatuko dira. Lekeitioko Udalak Garraitz Kirol Taldeko kideen lana goraipatu du
Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, Lekeitioko 26. Triatloia egingo da bihar. 17:00etan hasiko da lehia, eta izena eman duten 475 triatletek Euskadiko Txapelketa izango dute jokoan. Parte hartzaileek 14:00etatik 16:00etara jaso beharko dituzte dortsalak, udaletxe azpian.750 metroko igeriketa saioagaz hasiko dute lehia. Ondoren, bizikletak hartu eta 21 kilometroko ibilbidea egingo dute. Amaitzeko, berriz, 5 kilometro egingo dituzte arineketan.
Igeriketako irteeran, nesken eta mutilen artean ordu laurdeneko tartea egongo da. Bizikletako bira gunean, berriz, lehenengo eta azkenengo triatletaren artean gehienez 40 minutuko tartea onartuko dute. Momentu horretatik aurrera heltzen direnak «kontrolez kanpo» geratuko direla jakitera eman dute.
Gainera, lehiatzeko gainditu beharreko denborak ere zehaztuta daude; igeriketan 22 minutu eta erdi zehaztu dituzte, eta igeriketa eta bizikleta probak batuta, ordubete eta hamar minutuko denbora ezarri dute. Hala, helmugaratzeko zehaztutako denbora, ordubete eta 50 minutuan ezarri dute.
Antolatzaileek nesken parte hartzea azpimarratu dute. Hain zuzen, 80 emakume lehiatuko dira Lekeition, orain arteko errekorra hautsiz.
Maila gorenean
Era berean, Lekeitioko Udalak Garraitz Kirol Taldeko kideen lana goraipatu du: «26 urte hauetan, Lekeitioko Triatloia Bizkaia eta Euskal Herri mailan goreneko tokietan jarri da, eta hori lortzeko lan handia egin dute Garraitz Kirol Taldeko kideek. Eskertzekoa da benetan bere parte direnek egiten duten esfortsua, baita antolatzen ibiltzen diren herritarrena ere».
Udalaren kirol sailak Garraitz KTren esku utzi ditu bere baliabide material zein ekonomikoak, «triatloiak Lekeitiori ematen dion ekarpena bere horretan mantentzeko».
Sariei dagokienez, gizonezkoetan eta emakumezkoetan lehenengo hamar sailkatuek jasoko dituzte sariak. Taldekako sariak, berriz, lehen hiru taldeei emango dizkiete.