Estatalizazioaren kontrako aldarria kalera atera du LABek

Estatalizazioaren eta prekarietatearen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eskatzen du sindikatu abertzaleak, eta gaurko mobilizazioak hasiera besterik ez direla zehaztu dute. “Gero kristoren gurpila izatea nahi dugu, eta ea hala izaten den. Estatalizazioa pil-pilean ipini nahi dugun gaia da, espainolizazioarena, azken finean hori da. Gure eskumenak kentzea da”.

Lehen helburua enpresetan “eztabaida sartzea” izan da, eta hori lortu dute dagoeneko.

LABek gaur bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu langileak, eta eguerdian Euskal Herriko hainbat herritan elkarretaratzeak egin dituzte, eta zenbait enpresen atarietara ere atera dira. Bermeoko Goiko Plazan eta Gernika-Lumoko Merkurion batu dira.

bermeo

Bermeoko Goiko Plazan eguerdian egindako elkarretaratzea.

Hala ere, esan dutenez, lanuzteekin edota elkarretaratzeekin bat egin duten langile kopurua baino, garrantzitsuena da gaia eta eztabaida langileengana heldu direla, eta gainontzeko sindikatuak “interpelatuta” sentitu direla. Hain zuzen ere, berriro ere elkarlanerako bidea hartzeko aukera dutela uste dute eskualdeko LABeko arduradunek: “Ea denon artean zer edo zer egin genezakeen. Gure lan araudiak zentralizatu nahi dituzte. Hori irtenbidea emateko mobilizazioa da aukera bakarra”.

Eskualdeko 30 bat enpresetan eragina izan dute gaurko mobilizazioek. Nemak-en adibidez eragin nabarmena izan duela esan dute, eta industrialdeetan ere mugimendua dagoela. “Baina, garrantzitsuena gai hau enpresetara ekartzen hastea izan da. Azken finean, Madriletik bai erreformen bidez bai eta lege desberdinen bidez, hemen negoziatzeko, hitzarmenak egiteko dauzkagun eskumenak, gure eskubideak berton defenditzeko eta garatzeko ditugun eskubideak kendu nahi dizkigute”. Urtetik urtera, hitzarmen estatalen bidez dena Madrilera doala diote, eta horrek eskubideak “okertzea, prekarietatea eta bertoko eskumenak galtzea” dakartzala azaldu dute.

Arrisku horren aurrean, indar sindikala areagotzea eta sindikatuen arteko elkarlana lortzea ezinbestekotzat jo dituzte. “UGT eta CCOO sindikatuekin gatz egongo da, sindikatu estatalak direlako, baina, behintzat ELAgaz aurrera begirako elkarlana posible izatea nahi dugu, eta ea Euskal Herritik salto indartsu bat eman ahal dugun gure eskubideen defentsan; bertotik bertora, borroka lortzeko edo mantentzeko”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend