Bulegoaren aurkezpenean Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Idurre Bideguren Bermeoko Alkatea eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako zinegotzia egon dira.
Lokal berria 150 metro karratutako gune batean aurkitzen da,
Dolariaga kaleko 19an, zehazki. Busturialdean bizi diren 20.000 pertsona ingururi zerbitzua eskainiko diola aurreikusten dute aldunditik, baita eskualdeko enpresa, elkarte eta entitateei ere, bertan aurkitzen diren 600 nekazari-ustiategiak barne.
173 zerbitzu eta tramite. Erabiltzaileei egindako inkesta kualitatiboen bitartez Durangon aldundiak daukan bulegoan nabaritu diren hobekuntza aukerak hartu dituzte kontuan Bermeoko bulegoa egiterakoan diseinatutako ekipamendu berria ezartzerakoan. Aldunditik adierazi dutenez, “bertan 173 zerbitzu eta tramite jarriko dira herritarren eskura”, eta bulegoarekin “arreta osoago eta zuzenagoa” eskaintzea izan dute helburutzat.
Rementeriaren berbetan, “orain dela urte eta erdi Durangon ireki genuen bulego pilotua, eta 85.000 tramite inguru egin ditugu dagoeneko bulego horretan, izugarrizko arrakasta lortuz. Busturialdean zabaltzen dugun antzeko lehenengo bulegoa izango da Bermeokoa, eta herritarrei begira garrantzi handia eman diogu bertan irekitzea”.
Bideguren, Rementeria eta Bengoetxea, Bermeoko arreta bulegoan.
Bermeoko arreta integralerako bulegoa, Durangokoa bezala,
“giltzarri” izango da aldundiak herritarrei eskaini nahi dien arreta eredurako: “Bermeo eta inguruetako herrietako biztanleak ez dute Bilbora joan-etorria egin beharko zerbitzu hauek jaso ahal izateko”, nabarmendu du ahaldun nagusiak.
Foru erakundeari zuzendutako edozein agiri aurkeztu ahalko dute herritarrek, baita jakinarazpenak jaso: besteak beste, A-8ra autobidearen erabiltzaileentzako laguntzak edo familia ugariaren tituluak tramitatu, diru-laguntzetarako informazio eta eskaera-orriak jaso, foru sail guztiek ematen dituzten zerbitzuen gaineko informazio eskuratu, edota zerga eta nekazaritza gaietako tramiteak egin.
Hala ere, sarrien erabiliko diren zerbitzu espezializatuak
errenta kanpainari, zerga informazioari eta katastroari buruzkoak izatea aurreikusten dute. Gainera, informazioa eskaintzeko gune digital berriztatzaile bat jarri dute herritarren eskura bulegoan bertan.
“Apustu esanguratsua”. Bermeok dituen berezitasunak «erabakigarriak» izan dira bulegoaren kokalekua erabakitzerakoan: biztanleria landunaren mugikortasun tasa txikia dauka (%50, tasarik txikiena 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, Bilboren atzetik), 65 urtetik gorako pertsonen garrantzizko tasa dauka, %22koa, eta orain arte ez du arretarako bulegorik izan, ez bere udal mugartean, ezta inguruko udalerrietan. “Aldundiak apustu esanguratsua egin du bai Busturialdea eta baita Bermeo kontuan hartuta”, adierazi du Rementeriak.
Bermeon ez ezik,
Gernika-Lumon ere beste bulego bat sortzeko asmoa daukatela erakutsi dute aldunditik: “Busturialdean bigarren bulego bat irekitzea daukagu aurreikusita, Gernika-Lumon”.
Arreta integralerako bulegoaren ordutegia
8:30etik 14:00etara bitartekoa izango da
astelehenetik barikura, udan ez ezik, 8:30etik 13:30 bitartean egongo baita zabalik.