Dantza Loraldia jaialdiak egun osoko egitaraua ekarriko du bihar Morgara

Egun osoko egitarauagaz egingo dute bihar, Morgan, Dantza Loraldia jaialdia. “Denek parte hartzeko moduko eguna” izango da, eta ekitaldia nagusia, trikipoteoa, bazkaria, bingo kanta jolasa, gaztaporra, dantza plaza gidatua, txokolate jana eta erromeria egongo dira aukeran.

Bost dantza talderen parte hartzea izango da biharko jaialdian; tartean, herrikoena: Morga dantza taldea eta Dantzari Kantari taldea. Haiekin batera ariko dira, gainera, Errekaldeko Arraizpe taldekoak, Gamiz Fikakoak zein Fruizkoak. Dantzari horiek guztiak musikariekin elkartuko dira goizean, eta guztia prest dutenean, kalejira hasiko dute herrigunetik.

Morgako dantza taldea dantzan

Morgako dantza taldea dantzan

Ibilgailuen joan-etorria saihesteko, errepide nagusia itxiko dute, eta bertan egingo dituzte eguneko ekintza gehienak, aterri eginez gero (euria balego, frontoian). Bertan jarriko dituzte, esaterako, artisau postuak goizetik eguerdira bitartean.

6 urtetik gorako ume, gazte zein helduen ekitaldi nagusia, hala ere, 13:00etan hasiko da. Ordu horretan hasita, talde bakoitzak agurra egingo du, eta bost taldeeen artean Agintariena dantza egingo dute. Horren ostean aterako da talde bakoitza bere saioa eskaintzera. Hainbat izango dira egingo dituzten dantzak: hala nola, Gorulariak, Txapeloa, Lantz, Makil txiki, Jota, Arin-arin, Eltziegoko jota…

Ekitaldia bukatzeko, Azuri beltza, Ostalertza eta Mariana dantzatuko dituzte, eta herritarrak gonbidatuko dituzte beraiekin dantza egin dezaten.

Festa giroa izango dela aurreratu dute, eta herritarrei baserritarrez jantzita parte hartzeko deia egin diete.

Egitaraua:

Bihar:

10:30. Dantzariak eta musikariak batuko dira.
12:00. Kalejira.
12:30. Ekitaldi nagusia.
14:00. Trikipoteoa.
15:30. Bazkaria, Estarta tabernan.
17:15. Bingo kanta jolasa.
18:30. Dantza plaza gidatua.
20:15. Txokolate jana.
21:00. Gaur Argi taldeagaz erromeria.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend