Bermeo Tuna World Capital proiektua aurkeztuko dute Arrain Azokan

Bermeoko XXIV. Arrain Azoka maiatzaren 18, 19 eta 20an egingo dute, eta aurten aurkeztuko duten Bermeo Tuna World Capital (BTWC ) proiektuak protagonismo berezia izango du, atunarekin batera.

azokaaurkezpen2

Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzia, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta Miriam Prieto BBKko Bermeoko Sukurtsaleko zuzendaria, Arrain Azokaren aurkezpenean.

BTWC proiektuak bere espazio propioa izango du azokan bertan, eta gune interesgarri horretan ohiturek eta berrikuntzek bat egingo dute, gazteei zein nagusiei ondo pasatzeko aukera eskainiz. 300 metro karratuko espazio horretan AZTIk, PIE-EHUk, HAZIk eta azokako enpresek parte hartuko dute.

Bertan, hurbiltzen direnek hainbat ekimen berriztatzailez gozatzeko aukera izango dute: Basque Culinary Center-en showcooking-a; arraina eta ardoaren arteko maridajeak; PIE-EHUren ikasgela; tunidoen markaketari buruzko azalpena, AZTIko Iñigo Onaindiren eskutik, eta hainbat erakusketa, tailer eta dastaketa, azokan parte hartzen duten enpresen eskutik. Horiez gain, ResQ enpresa, Euskaraldia eta Arraina eta Ardoaren ibilbidea aurkeztuko dituzte, besteak beste.

Bestalde, aurten Arrain Azokak ingurumena errespetatzeko eta iraunkortasuna bermatzeko hainbat neurri hartuko ditu, Erronka Garbia proiektuaren baitan. Hala nola, Bermeoko Kofradi Zaharrean erabiliko duten ontziteria konpostagarria izango da, eta paperaren erabilera gutxitzea ere bilatuko dute. Era berean, tabernen beira bilketa eta stand-en kartoi bilketa atez-ate egingo dituzte, eta tabernetan sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan datorren astean. Gainera, ahalik eta ontzi eta kartoi gutxien erabiltzeko konpromisoa ere hartu dute parte hartzaile guztiek.

Itsas ondarea eta tradizioak zainduz

Beste behin ere, herriaren itsas ondarea eta tradizioak zaintzea eta horien erakusleiho izatea edukiko dituzte helburutzat. Hori horrela, hainbat ekimen antolatu dituzte Arrain Azokako hiru egunetarako: arrain salmenta itxurak –egun hauetan bakarrik ikus daitezkeenak–, irtenaldiak Hegaluze itsasontzian, eta Aita Guria baleontzirako eta Arrantzaleen Museorako doako sarrerak.

Asteburuan bertan ez ezik, azoka aurreko egunetan ere egongo da zer edo zer aukeran. Hain zuzen, hitzaldiak antolatu dituzte hilaren 15, 16 eta 17rako, Arrantzaleen Museoan: Martitzenean, Robert Ugaldek Rentabilidad del sector atunero congelador, periodo 2010-2016 berbaldia emango du; eguaztenean, Juan Antonio Apraiz Euskal atunzale izoztaileak 1964-1984 argazkidun hitzaldian ariko da, eta eguenean, Iciar Martinez Galarzak Efecto beneficioso del consumo de atun en base a su contenido en compuestos bioactivos de selenio mintzaldia emango du.

‘Eztauelako Bermiolakorik’

Arrain Azoka promozionatzeko, Arriguri Euskal Sortzaile taldeak bideo bat sortu du. Bertan ikus daitekeenez, Bermeo eta itsasoa dira protagonista nagusiak, herriko arrantza tradizioa nabarmenduz. Bideoan azaltzen dutenez, “ez dio ardura Extremadura, Senegal edo Galiziakoa” izateak, “itsasoak batu egiten gaituelako”. Hori dela eta “Bermiolakorik ez dagoela” aldarrikatu dute bideoaren bitartez.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend