Bermeoko eta Gernikako atletismo taldeak zortzi dominagaz bueltatu dira Euskadiko Txapelketatik
Asteburuan Durangoko pista irekian lehiatu dute Euskadiko Txapelketa. Taraska Atletismo Taldekoek bost domina irabazi dituzte, eta Gernika Atletismo Taldekoek hiru.
Bermeoko taldeko Iker Ormaza Euskadiko txapelduna da, 20 urtez azpikoen jauzi hirukoitzean, eta 18 urtez azpikoen xabalina jaurtiketan, berriz, Oier Rodriguez txapeldunorde geratu da.
Bestalde, hiru brontzezko domina lortu dituzte. 20 urtez azpikoetan, Naroa Fernandez oztopo-hesien proban sartu da podiumean. 18 urtez azpikoen mailu-jaurtiketan Garazi Lertxundi sailkatu da hirugarren, eta Itziar Olondo, 2.000m-ko oztopo proban.
Gernika-Lumoko taldetik, 20 urtez azpikoetan hiru brontzezko domina irabazi dituzte. Jon Ander Asturias pisu jaurtiketan sartu zen podiumean, sei kiloko pisua 10 metro eta 3 zentimetroraino jaurti zuen. Asier Cisneros xabalina jaurtiketan lortu zuen brontzea, 800 gramoko makila 26 metro eta 83 zentimetroraino jaurti ondoren. Unai Lobato 3.000 metroko lasterketan geratu zen hirugarren; 9 minutu eta 45 segundu behar izan zituen hiru kilometroko lasterraldia betetzeko.
Gernikako hamasei atleta izan dira Euskadiko Txapelketako finaletaren hainbat modalitetan. Dominarik lortu ez arren, partaide batzuk nabarmentzeko lana egin, eta podiuma lortzetik oso hurbil geratu zirela adierazi dute taldeko ordezkariek. Aitor Asturiasek lasterketa bikaina egin zuen, 2.000 metro oztopoetan. Laugarren sailkatu zen eta 7 minutu eta 42 segundoko markagaz izan da, Ibai Musatadi taldekideak baino segundo bat gutxiago. Proba berean, nesketan, Iara Auzokoa bosgarren sartu zen helmugan 9 minutu eta 45 segunduko marka eginez.
Halaber, Uxue Aurreren adorea ere azpimarratu dute, hiru finaletan sartzea lortu baitzuen: 1.500, 800 eta 400 metroko probetan. Esaterako, 800 metrotako finalean bosgarren sailkatu zen, 2 minutu eta 31 segundoko markagaz. Mustapha Hejjou ere ondo aritu zen 1.500 metroko lasterketan, 4 minutu eta 58 segundoko marka lortu zuen.
Gure Esku Dago. Gernika Atletismo Taldeko ordezkariak beste proba batzuetan ere izan dira asteburu honetan. Esate baterako, Patrick Saituak irabazi du Gure Esku Dagok Donostian antolatu zuen lasterketa. Gautegiz Arteagakoak 14 minutu eta 13 segundotan amaitu zuen 4,5 kilometroko proba.