Zeramikagintzaren iraultza Busturian
Busturiko San Mames buztinola fabrikaren eskutik eman zitzaion hasiera zeramikagintzari eskualdean. Bertan, mahaiontziak eta apainketarako zeramika piezak sortzen zituzten.Busturiko zeramika fabrikak egindako piezen erakusketa egin dute Busturiko Kultu...
Busturiko San Mames buztinola fabrikaren eskutik eman zitzaion hasiera zeramikagintzari eskualdean. Bertan, mahaiontziak eta apainketarako zeramika piezak sortzen zituzten.
Busturiko zeramika fabrikak egindako piezen erakusketa egin dute Busturiko Kultur Etxean. Busturi-ko zeramikagintza nazioarteko erreferentziadun industria izan zen, eta XIX. mendean industriaren aitzindaria bilakatu zen Bizkaian.San Mames buztinola fabrikan sortzen ziren zeramikazko lan horiek, herrian errotutako hiru familien eskutik: Uriarte, Bulukua eta Txirapozu.
Busturiko Kultur Etxean antolatu dute udalerrian fabrikatutako piezei buruzko erakusketa. Eta horregaz batera, Javier Gonzalez de Durana La ceramica de Busturia liburuaren idazlea eta irakaslea egon zen joan den barikuan hitzaldia ematen eta Labayru fundazioak egindako dokumentala aurkezten.
San Mames lantegian batez ere mahaiontziak eta apainketarako zeramika lanak egiten zituzten. Lehenengoak izan dira gehienbat Bilboko Euskal Museoan eta bilduma pribatuetan gorde direnak: zaharrenak adibidez, Txirapozu familiak berak eskainitakoak dira.
Mahaiontzien zeramika lanen artean denetarik aurkitu daiteke: azpilak, pitxerrak, saltsa ontziak, zopa ontziak, fruta ateratzekoak edota te eta kafe zerbitzuetakoak. Tamaina eta forma guztietako piezak egiten ziren lantegian, garaian ohikoak ziren estilo eta moden arabera.
Pieza horiek ez ziren bakarrik aberatsentzat edo nobleentzat egindakoak: herritar xumeentzat egindakoak daude piezen artean, material sinpleagoak erabilita lortzen zirenak.
Hala ere, lantegiaren helburuetako bat gero eta buztin ore zuriagoa lortzea zen, horregaz aristokrata eta jauntxoek erabiltzen zituzten portzelana piezak imitatu nahian. Horregatik, San Mames lantegian egindako pieza motei «lur-zurizkoak» deitzen zaie, eta, hortaz, erdi-portzelanazko lanak dira.
Gaur egunera arte osorik iraun duten zeramika lan gehienek irudi bera erakusten dute, hori izanik gehien erabili zena: paisaia irreal bat ageri da bertan, ekialdetar estiloko eraikinekin.
Orokorrean, zeramika irudiak zuri-beltzean joaten ziren, hostoetatik lortutako errautsa erabiliz. Hala ere, beste kolore batzuk ere erabiltzen ziren, urdina eta berdea, adibidez.
Busturiko Udalak Euskal Museoari bere esker ona adierazi nahi izan dio erakusketako piezak eskaintzeagatik, baita Sabino Arana Fundazioari eta Gernika-Lumoko Udalari ere.
San Mames lantegiak egindako piezen erakusketa apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai, Busturiko Kultur Etxean.