Asiako liztorren erreginak harrapatzeko tranpak ezarri dituzte Bermeon
Bermeoko Udalak, bigarren urtez, Asiako Liztorren erreginak harrapatzeko 22 tranpa jarri ditu, udalerriko hogei lekutan. Tranpa horiek maiatzaren hasiera arte mantenduko dituztela jakinarazi dute. Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziak adierazi duenez, udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera urtero kontrol kanpaina bat jartzen du martxan liztor horien habiak kentzeko. Iazko kanpainan, guztira, 101 liztor erregina eta 270 liztor langile harrapatu zituzten.
Udalak herritarrengandik jasotako abisuak hartzen ditu, ikusketa bat aurrera eramanez habiak egiaztatzeko. Ostean, Basalaneko talde bat arduratzen da horiek kentzeaz. Sistema horren bitartez, 34 habia kentzea lortu zuten 2017an, baina aurton tranpak jartzea erabaki dute neurri gehigarri bezala.
Elorzaren arabera, “udazkenean jaiotako erreginak udaberri hasieran esnatu, eta habia berri bat sortzen hasten dira. Momentu hori aprobetxatzea oso garrantzitsua da, harrapatutako erregina bakoitzagaz kolonia oso bat ezabatzea lortzen delako”.
Sistema eraginkorra
Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen Teknikariaren esanetan, “sistema hori oso sinplea, selektiboa eta eraginkorra da. Tranpa horien barruan liztorrak erakartzeko likido bat sartzen dute (garagardo beltza, ardo zuria eta ahabi zukua, nahasturik) eta aurreneko urteetan liztorren habiak aurkitu diren lekuetan jartzen dute zuhaitz batean eskegita. Erreginak tranpa barrura sartzen direnean harrapatuta geratzen dira”.