Hirugarren urtez,
Amnista Eguna antolatu dute Bermeon, eta gaur dute hori ospatzeko eguna. Euria etengabe ari bada ere,
aterpe ezinhobea aurkitu dute kostaldeko herrian:
Kabidxe. Hainbat lagunen gotorleku bilakatu da gaur leku hori.
Iheslariei eta deportazioari buruzko berbaldiak eman dio hasiera egunari.
Fernando Gorospe iheslari ohia eta Emilio Marigorta Cabo Verden bizi den iheslari deportatua izan dira, hain zuzen, goizeko protagonistak. Hitzaldiagaz amaitu, eta
kalejira egin dute Goiko plazan hasi eta Lamerarako bidea hartuta. Bertatik, porturantz abiatu dira, berriz ere Kabidxera bueltatu diren arte. Kabidxen,
bazkaritan elkartu dira
65 bat lagun.
Bazkal ostean, bertso eta rap musikagaz gozatzeko aukera ere izango dute. Iluntzean, gainera, musika
kontzertuak egongo dira 19:00etan hasita, Kabidxen bertan: Tximino, Vomitando desperdizios eta Primeros Auxilios. Jon Sered DJ-ak ere girotuko du Kabidxe gero.
Marigortak skype bidez egin du bideo deia, Cabo Verdetik. Bertan bizi da erbesteratua, baina horren aurretik, Ipar Euskal Herrian eta Argelian bizi izan da. Guztira,
44 urte daramatza sorterritik at. “Lagun bat atxilotu zuten, eta erbestera joatea erabaki nuen nik, kartzelaren eta torturen beldur”. Hala, Ipar Euskal Herrira joan zen, errepresioa saihestekotan. “Ez nekien zenbat denborarako egongo nintzen atzerrian, baina luzarorako izango zela banekien. Inoiz bueltan etortzeko aukera ere bazegoela jakitun nintzen. Hala ere, ez ninduen denborak asko arduratzen;
nire idealak nituen, eta horiekin egin nahi nuen aurrera“, azaldu du bere esperientziaren hasiera.
Urrunetik jarraitu du bertoko borroka, milaka kilometrotara, eta horrek borrokaren erabat kontziente ez izatea eragin dio. 19 urte zituela egin zuen ihes Euskal Herritik, eta 63 urte ditu gaur. “Aldaketa asko ez ditut ulertzen; izan ere nik 19 urtegaz alde egin nuen, eta orduko idealekin jarraitzen dut nik”. Dena den,
milaka kilometrotara bada ere, borroka egiten jarraitzen duela azaldu du; “Pertsona arruntak garela erakustea da guk berton egiten dugun borroka, eta jakinaraztea badagoela hona ekarri gaituen arrazoirik: borroka politikoa, alegia”. Euskal Herriko borroka laguntzen dugu estradizioa saihestuz.
ETAk borroka armatua utzi izanaren berri izan zueneko eguna “tristea” izan zen Marigortarentzat; izan ere, beraien helburua –
“dependentzia”- lortzeko baliabide gisa zuen .
Cabo Verdera erbesteratutakoak
badauka Euskal Herrira itzultzeko aukera; izan ere,
bere kasua preskribatuta dagoela aipatu du, eta pasaportea ere badaukala; hala ere, ez dauka argi bere itzuleraz. “Lagun batzuek komentatu zidaten abokatuekin hitz egin zutela eta esan zietela nire kasua preskribatuta zegoela, eta, hortaz, itzultzeko aukera neukala. Pasaportea egiteko aukera eduki nuen, eta hala egin nuen, baina tiraderan gordeta daukat, eta ez dakit noiz itzuliko naizen”. Urte asko daramatza erbestean Marigortak, eta familia ere badauka bertan. Gainera,
kontraesan ugari sorrarazi dizkiola azaldu du: “Iheslariok beti esan izan dugu lehenengo kartzelan dituzten preso politikoak atera behar dituztela espetxetik, eta gero bueltatuko garela gu”.
Deportazioaz ere jardun da Cabo Verdeko bizilaguna. “Dispertsioaren beso luzeena da, kondena bat da; hasierako data bai, baina amaierakorik ez daukana”. Gizartearen “ahazturaz” ere mintzo da, eta aipatu du
uste duela iheslari deportatuak “ahaztuta” dituztela.
Gauzak horrela egonik ere,
borrokak “merezi” duela argi dauka Marigortak: “Preso eta iheslarien eta horien familien errespetuagaz, esan dezaket borrokak merezi izan duela; herria mugiarazi duela, eta duintasuna mantendu duela. Ideologia bat sortu du, eta baita elkartasuna ere”. Borrokaren bitartez, gauza asko lortu direla uste du, eta horregatik, bultzatzen jarraitu behar dela azpimarratu du, “gutxi zein asko izanda ere”. Izan ere,
amnistiak “bideak irekitzen ditu”.
Fernando Gorospe iheslari ohiak hartu du Marigortaren osteko hitza, Bermeoko Kabidxen. Hainbat lagunen aurrean, bere esperientzia kontatu die bertaratutakoei. Aitortu du ihes egiterakoan, ez zegoela etorkizunera begira,
“klandestinitatea ahalik eta modu onenean bizi nahi nuen”. Euskal Herriko borrokagaz bat egiten jarraitu zuen, tokian tokiko borrokagaz. Iparraldetik Venezuelara abiatu zen, eta bertan igarotako urteetan kapitalismoak zapaldutako borrokaren parte izan zen.
Argi utzi du iheslariek ez dutela plazerragatik ihes egiten, eta
erbesteratutakoen artean ere, “momentu oso latzak” bizi dituztela nabarmendu du; “barrote gabeko kartzela bat da erbestea”. Kanpoan izan arren, burua Euskal Herria izaten dute erbesteratutakoek, Gorospek azaldu duenez.
Borroka armatuaren eteteaz “zalantza ugari eta argitasun gutxi” izan zituzten Gorospek eta beste hainbat iheslarik. “Zerbait entzun genuen, baina ez geneukan ezer argi; ni, esaterako, komunikabideen bitartez jakin nuen ETAren erabakiaren berri”. Albisteak “harritu” egin zituzten, eta gauzak egin zituzten moduagaz “ezinegona” sentitu zuten. Hala ere, “guztiek onartu” zuten ETAk hartutako erabakia.
1992. urtean utzi zuen Euskal Herria Gorospek, eta 2015. urtean izan zen bueltan. Lehenago ere izan zuen itzultzeko aukera, baina kolektiboaren artean bueltatzea adostu arte ez zuen hala egin. Amaren osasun egoerak bultzatu zuen, batez ere, Gorosperen itzulera, iheslari ohiak berak azaldu duenez. Erbestean egonik aita galdu zuen, eta amagaz gauza bera gertatzea ekidin nahi izan zuen. Euskal Herrian bueltan, “egunero oroitzen” ditu bertan geratu direnak.
Marigortaren iritzi berekoa da Gorospe ere:
“borrokak merezi duela” sinesten du.