‘Hezkuntza kapitalistaren’ kontra, ikasleek greba egingo dute bihar
Ikasle Abertzaleak-ek grebara deitu ditu bihar Hego Euskal Herriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta institutuetako ikasleak.
Gaur egungo hezkuntza sistemaren kontrako aldarrikapena kalera aterako dute. Hezkuntza hau ez da gurea. Indarrak batuz, hezkuntza sistema gainditzera goaz! lemapean hainbat mobilizazio egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan zein hainbat herritan.
Bizkaian Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen eta Bilbon jarri dute hitzordua. Gernika-Lumon 11:00etan Institutuan elkartuta manifestazioan aterako dira, eta Markina-Xemeinen, 12:00etan abiatuko dira Arkupetik.
Hezkuntzan sistema «kapitalistatzat» jotzen du IA-ek: «Langile klasearen izerdiarekin aberasten jarraitzeko eta aberastasun hau etengabe handitzeko, beharrezkoak dituen pertsonak eta pertsona ereduak sortzeko tresna bat da burgesiarentzat hezkuntza».
Euren indar eta haserreak kalera atera, eta euren gaitasun propioei gorazarre egiteko eguna izango dela zehaztu dute. Eta aurrera begirako erronketara indarrak hartzea dute helburu: «Ez gara aterako inolako gobernu, sailburu edo zuzendaritzari ezer eskatzera, gure indar, gaitasun eta antolakuntza propioz hezkuntza kapitalista suntsitzen ari garela erakustera baizik».
Errebalidak. LOMCEri eta Heziberriri ezetz esateko eguna ere izango da biharkoa.
Ikasturte amaieran errebalidak dituztela gogora ekarri dute, eta horiei aurten ere planto egiteko asmoa dutela adierazi dute. Hain zuzen, DBH4ekoak maiatzaren 7tik 18ra dira, eta DBH2koak maiatzaren 5etik maiatzaren 16ra.
“Planto dinamika masiboak indartu”, eta hezkuntza komunitate osoari horiek babesteko eta indartzeko dei egin diete. “Antolakuntzaren bidez eragiteko gaitasun eta esparrua zabalduta, Martxoaren 21etik aurrrera ere, hezkuntza kapitalista borrokatzen jarraituko dugu ikastetxez ikastetxe, botere burgesaren euskarri diren adierazle oro gure antolakuntza eta botere propioaren bitartez konfrontatuz·.