Zunbeltz Larrea aske geratuko da, 15 urte eta erdiko zigorra bete ostean
Preso politiko ondarrutarrak astelehen goizean irtengo du Castelloko espetxetik. Durangon geldialdia egin ostean, Ondarroako Alde Zaharrean ere harrera egingo dioteZunbeltz Larrea Azpiri preso politiko ondarrutarra astelehenean geratuko da aske. 15 urt...
Preso politiko ondarrutarrak astelehen goizean irtengo du Castelloko espetxetik. Durangon geldialdia egin ostean, Ondarroako Alde Zaharrean ere harrera egingo diote
Zunbeltz Larrea Azpiri preso politiko ondarrutarra astelehenean geratuko da aske. 15 urte eta erdiko kartzela zigorra bete ostean, 08:00ak aldera irtengo du Castello de la Planako (Valentzia, Espainia) espetxetik. Senideek adierazi dutenez, bestalde, aske geratzea ordu batzuk ere berandutu daiteke, «Valentzian jai eguna da eta».Aske irtengo duen unean hainbat senide, lagun eta herritar edukiko ditu zain. Senideek jakitera eman dutenez, etzi eguerdian irtengo dute Valentzia aldera. Euskal Herrira bueltan, berriz, bi harrera egingo dizkiote ondarrutarrari. Bata, Durangon (izatez bertakoa da), eta, bestea, Ondarroan. Durangoko harrera 18:30ean izango da Intxaurren, eta Ondarroakoa, berriz, 20:30ak inguruan, Alde Zaharrean.
34 urte ditu preso ondarrutarrak, eta ia bizitza erdia igaro du espetxean. Kartzelatu aurretik, bestalde, hainbat aldiz atxilotu zuten. 17 urte zituenean atxilotu zuen Ertzaintzak lehenengo bider, 2001eko martxoaren 5a zen; eta Basauriko komisaldegian atxilo egon ostean, behin-behineko askatasunean utzi zuen epaileak hurrengo egunean.
Hurrengo atxiloketak, aldiz, 2002an izan ziren. Otsailaren 19an Ertzaintzak pankarta bat ipintzearren atxilotu zuen, eta Durangoko komisaldegian bi egunez eduki ostean, behin-behineko askatasunean utzi zuten ostera ere. Martxoaren 6an, berriz, Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu zuen. Hiru egunez inkomunikatuta eduki ostean, 30.000 euroko bermea ordainduta aske utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Inkomunikatuta izan zuten tartean tratu txarrak salatu zituen.
Hiru hilabetera, ekainaren 16an, atxilotzeko agindua eman zuen auzitegi berberak, eta 40 egun Alcala Mecoko (Madril, Espainia) kartzelan igaro ostean, uztailaren 24an aske utzi zuten, 12.000 euroko bermea ordainduta. Hilabete gutxira, azaroaren 12an, Ertzaintzak berriro atxilotu zuen. Bost egunez Arkauteko komisaldegian inkomunikatuta izan ostean, Valdemoroko (Madril, Espainia) kartzelan sartu zuten. Inkomuni- kazio epe horretan ere torturak jasan zituela salatu zuen.
Hainbat espetxetan
«Kale borroka eta talde armatuagaz kolaborazioa» egotzita 15 urte eta erdiko zigorra bete du Espainiako hainbat kartzelatan. Zehatz esanda, hiru kartzela zigor bete ditu horregatik: bost, sei eta lau urte eta erdikoak.
Valdemoron espetxeratu zuten 2002ko azaroan, eta handik gutxira, Alcala Mecoko gazteen modulura lekuz aldatu zuten. Senideek agertu dutenez, han ere denbora gutxi egin zuen. Izan ere, Los Rosaleseko (Madril, Espainia) gazteen kartzelara lekuz aldatu zuten adin txikiko zigorra betetzera. «23 urte bete arte hantxe egon zen. 23 urte bete zituen egun berean, 2006ko ekainaren 19an, espetxez aldatu zuten». Kasu hartan, Aranjuezeko (Madril, Espainia) kartzelera lekuz aldatu zuten.
Aranjuezko kartzelan beste urte erdi bat egin zuen, eta handik, Monterrosoko (Lugo, Espainia) kartzelara lekuz aldatu zuten, bertan lau bat urte igaroaz. 2010ean, aldiz, ezkondu egin zen, eta ezkontzera Soto del Realera (Madril, Espainia) eraman zuten, berriro ere Monterrosora bueltatzeko. Bikotea Castelloko (Valentzia, Espainia) espetxean zegoenez, aurrez aurreko bisitak egiteko eskaera egin zuen, eta eskaria onartuta, 2011ko abuztuan, Castelloko espetxera lekuz aldatu zuten. «Lekuz aldatzen ari ziren bitartean irten zuen bere emazteak espetxetik».