Laiak adierazpen askatasunaren aldeko mahai ingurua antolatu du barikurako
Pablo Hasel rap abeslariaren egoera ezagutu ahalko dute, Hasel bera egongo baita Busturian
Busturiko Laia herri mugimenduak adierazpen askatasunaren aldeko eta faxismoaren aurkako mahai ingurua eta kontzertuak antolatu ditu barikurako. Mahai ingurua 19:30ean izango da Axpeko Otxozulo Gaztetxean, eta Pablo Hasel rap abeslariak parte hartuko du.
Bi urteko espetxe zigorra eta 24.300 euroko isuna ezarri dio Auzitegi Nazionalak Pablo Hasel rap abeslariari terrorismoari gorazarre egitea eta Espainiako koroari irainak egitea leporatuta. Haselek salatu du txio batzuengatik eta kantu batengatik zigortu dutela, eta epaia adierazpen askatasunaren aurkako kolpea dela. Haselek bere egoera azalduko du Busturian, bai eta Katalunian bizi duten egoera ere.
22:00etan, berriz, leku berean kontzertuak egongo dira. Pablo Hasel, Gatom raperoa eta Kakaniko zaitez DJ igoko dira agertoki gainera. Sarrera 3 euro ordaindu beharko da.