Pentsio duinen aldeko manifestazioak egingo dituzte bihar erretiratuek
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egongo dira mobilizazioak. Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo da 12:00etan, Goiko PortaleanPentsiodunen elkarteek lau hiriburuetan deitu dituzten manifestazioekin bat egin...
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egongo dira mobilizazioak. Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo da 12:00etan, Goiko Portalean
Pentsiodunen elkarteek lau hiriburuetan deitu dituzten manifestazioekin bat egingo dute Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko erretiratuek. Pentsiodunen egoera salatu eta pentsio sistema «duin baten alde» manifestazioak egingo dituzte bihar Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta euretan parte hartzeko dei egin diete Hego Euskal Herriko erretiratu guztiei.Deialdiagaz bat eginez, Bilbora joan barik herrian bertan elkarretaratzea egitea erabaki dute Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkartekoek. Horrela, 12:00etan jarri dute hitzordua Goiko Portalean. «Herrian egitea erabaki genuen jende gehiagok parte hartzeko aukera izateko eta guk ere protesta horregaz bat egiten dugula ikustarazteko», azaldu du Jose Alberdi Beti Jai elkarteko lehendakariak.
Zehaztu duenez, Nagusiak Bizkaiko Jubilatuen Elkarteak mobilizazioagaz bat eginez banatu dituen kartelak hartu dituzte, eta horiekin azalduko dira egueneko ekitaldira.
Eguenekoa ez da egingo duten lehen agerraldia, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko herri askotan pentsio duinen aldarrikapena kaleratzen ari dira-eta orain dela hilabete ingurutik.
Eskaerak
Espainiako Gobernuak iragarritako %0,25eko igoeraren aurka daude erretiratuak. Erreformen ondorioz, besteak beste, erretiroa lortzeko lan urteak luzatu direla, alarguntza pentsioak jaitsi direla eta medikamentuen berrordainketa ezarri dietela salatzen dute. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako plataformetako ordezkariek pentsioak KPIaren maila berean igotzea eta Europako Karta Sozialak aholkatutako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatzen dute.
Bilboko manifestazioa 12:00etan abiatuko da udaletxetik, eta Gobernu espainiarrak Bizkaiko hiriburuan duen Ordezkaritzaordetzaren parean amaituko da. 11:15ean bilduko dira, berriz, Donostiako Amara plaza hotelaren parean, ordu laurden beranduago abiatzeko.