Munduko hainbat txoko eder hurbiletik ezagutzeko aukera, Bedaronako sanblasetan

“Abadiño sanblasetan…” dio kanta ezagunak, eta gaurko egunez eskualdeko herritar askok dute Durangaldeko herri horretara joateko ohitura. Hala, Eako Bedarona auzoan ere ospatzen dute Blas Deunaren omenezko jaia.

IñakiBiteri

Iñaki Biteri hainbat bidaiatan bidelagun izan duen motxilagaz.

Eguerdian elizan batu, eta mezan karameloak bedeinkatu ostean, Bedaronako Eskolara hurreratu dira herritarrak. Hamaiketakoa janagaz batera, Iñaki Biteriren Mundutik Bedaronara erakusketako argazkiak ikusten aritu dira.

India, Nepal, Vietnam, Amazonia, Palestina, Bolivia, Venezuela, Kuba, Zeelanda Berria, Laos, Thailandia, Patagonia, Kanbodia, Singapur eta Peruko argazkiekin osatu du gaurko egunerako beren beregi prestatu duen erakusketa. Hain zuzen, egun osoan egongo dira ikusgai lanak.

Zuri-beltzeko zein kolore biziko argazkiak bildu ditu Biterik, eta tartean, zaharrenak, diapositibetatik ateratakoak dira. “Argazki asko falta dira. Egun gutxitan prestatuta dagoenez, leku asko geratu dira kanpoan, adibidez, Petra eta Marokoko desertua bezalako leku ezagunak”.

Paisaiak erretratatzea gustuko du Biterik, eta gehientsuenak leku ikusgarrietan ateratakoak dira. Hala ere, bateko eta besteko herritarrak ere ageri dira erakusketan. “Gustatzen zait jendearen aurpegierak ateratzea, baina nire argazkiak gehienbat paisaiak dira”.

Argazki gehienak azken bidaietan ateratakoak dira. “Zerbait esaten duten argazkiak sartu gura izan ditut”, zehaztu du. 2006an urtebetez ibili zen Hego Ameriketan barrena. India eta Nepaleko asko ere badira, birritan egon baita bertako mendietan. Era berean, Asian eta Zeelanda Berrian sei hilabete egin zituen.

Erakusketa Natxitun jartzeko asmoa dutela aurreratu dute.

Arratsaldean umeek hitzordu berezia dute Potx magoagaz. Haren magia ikuskizunagaz gozatzeko eta liluratzeko aukera izango dute 17:00etatik aurrera.

Iluntzean, berriz, Bolo Txapelketa jokatuko dute Herriko Tabernaren azpian duten bolatokian. Jarraian, tabernan bapo afaldu eta Esteibar eta Obietaren doinuek lagunduta, kantuan eta dantzan borobilduko dute San Blas eguna.

Bihar eta etzi Natxituan. Gaur Bedaronan legez, bihar eta etzi Natxituan izango dute jai giroa. 11:00etan plazan elkartu, eta koplak kantatzen aterako dira.

Astelehenean, ostera, bolatokian elkartuko dira meza ostean. Bertan EinGo taldeko musikariek jarriko diote doinua Agate Deuna egunari. Gero, Ermintxon bazkalduko dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend