Beste urte batez, Bilbon presoak Euskal Herriratzeko manifestazioa egin dute gaur 17:30ean hasita. Azken urteetako manifestaziorik jendetsuena egin dute gaur Bilbon, aterkipean izan bada ere. Milaka pertsona elkartu dira bakearen eta giza eskubideen alde. Euskal Herriko zein beste hainbat tokitako herritarren artean, Busturialdeko lagunek bat egin dute Sarek egindako deialdiagaz.
Eta manifestazio handia egin duten egun berean jakinarazi dute datozen asteen Frantzia euskal presoak gerturatzen hasiko dela, Mont de Marsan eta Lannemezango espetxeetara. Guztira, 61 euskal preso daude une honetan Frantziako espetxeetan; tartean, Busturialdeko herritarrak; Javi Abaunza gernikarra (Moulins-Yzeuren, 800 kilometrora) eta Ibon Goieaskoetxea busturiarra (Arlesen, 750 kilometrora).
Espainiako espetxetan, berriz, 232 preso daude, eta horiek ere hasiak dira gerturatzeko eskaerak egiten.