Saturraranen hasiko da autismoaren aldeko igeri zeharkaldia, uztailean
Marea Urdina izena dauka egitasmoak, eta bi egunetan Gipuzkoa osoko kostaldea zeharkatuko dute. Antolakuntza lanetarako boluntarioak behar dituztela esan duteMarea Urdina izenburupean, gizartea Autismoaren Espektroko Nahasketa (AEN) duten pertsonen ing...
Marea Urdina izena dauka egitasmoak, eta bi egunetan Gipuzkoa osoko kostaldea zeharkatuko dute. Antolakuntza lanetarako boluntarioak behar dituztela esan dute
Marea Urdina izenburupean, gizartea Autismoaren Espektroko Nahasketa (AEN) duten pertsonen inguruan sentsibilizatzeko igeri zeharkaldia egingo dute uztailean Gipuzkoako kostaldean. Eta ekintza solidarioa Mutrikuko Saturraran hondartzan hasiko dela iragarri dute.Marea Urdina kolektiboa 2017 erdialdera sortu zuten autismoa duten senideak dituzten Gipuzkoako lau familiek eta haien lagunek. Eta hain zuzen ere, eurak dira ekintza solidarioaren bultzatzaileak. Azaldu dutenez, kirola egiteko duten zaletasunak bultzatuta sortu dute autismoaren aldeko erronka. «Gizarteak autismoa dutenen berri izan eta horien gizarteratzean parte hartzeko antolatu dugu ekintza».
Bi egunetan banatuta, Mutrikutik Hondarribirainoko kostaldea (Gipuzkoako kostalde osoa) zeharkatuko dute igerilariek; 62 kilometroko zeharkaldia izango da (34 milia).
Hala, lehendabiziko egunean Saturraran eta Orio lotuko dituzte (26 km). Eta hurrengo egunean Orio eta Hondarribia arteko kostaldea zeharkatuko dute (36 km). «Zeharkaldia zapatu batean hasi eta domekan amaituko da».
Etapetan banatuta
Bi egunetan egingo bada ere, egin beharreko bidea etapetan banatuta egongo dela aurreratu dute; etapak 3 eta 12 kilometro artekoak izango dira.
Guztira, «esperientzia handiko» 63 igerilarik parte hartuko dute zeharkaldian. «Izena emateko epea itxita dago».
Itsas zeharkaldia zein egunetan hasi eta amaituko den oraindik zehaztu ez badute ere, ziurrenik uztaileko bigarren asteburuan gauzatuko dutela aurreratu dute.
«Zailtasunik handiena Kantauriko uretan igeri egitea izango da», azaldu dute. Horren jakitun, eta igerilari guztiei «behar bezalako arreta eskaintzeko», antolakuntzak segurtasunerako neurri guztiak aurreikusi ditu. «Igerilariek laguntzagaz egingo dute beti igeri, hiru eta lau pertsonaz osatutako taldeetan».
Ekimenaren izenburuaren jatorria ere azaldu dute antolatzaileek. «Marea, ibilbidea igerian egingo delako eta jendetza biltzeko asmoa dugulako. Urdina, aldiz, autismoaren kolorea delako».
Crowdfounding kanpaina
Zeharkaldia egiteko behar dituzten segurtasun gailu guztiak finantzatzeko, Ulule plataformaren bidez crowdfounding kanpaina bat abiarazi dute antolatzaileek. Hasiera batean, 2.500 euro batzea zen euren helburua. Eta atzora arte 3.935 euro zeuzkaten lortuta. «Jasotzen dugun euro bakoitza gure proiektuaren gastuen ordainketarako erabiliko dugu. Eta gastu guztiak ordaindu ondoren, soberakina erakunde ongile bati dohaintzan emango diogu».
Egitasmoari bultzada eman eta diru ekarpena egin nahi dutenek domeka gauera arteko epea daukate; 10 eurotik hasita, herritarrek nahi duten diru ekarpena egin ahal dute. Eta diru laguntza ematen dutenei esker ona agertzeko, besteak beste, Marea Urdinaren igeriketa txanoa oparituko diete.
Kolektiboko kideek esan dutenez, gizartearen %5ak ezgaitasunen bat dauka, eta zehazki %1ak autismoa dauka. «Gipuzkoan 1.500 pertsona baino gehiago daude egoera horretan, horietako bat gure semea, alaba, arreba, anaia, laguna edo ezaguna izan daiteke». Horrela ba, jendarte osoaren laguntza eskatu dute. «Dagoeneko itsas zeharkaldia egiteko behar ditugun igerilariak lortu baditugu ere, proiektu honetan interesa duten eta euren esperientzia baliagarria izan daitekela iruditzen zaien herritarrei antolakuntzan laguntzeko eskarie egiten diegu. Horretarako, gure webgunearen bidez gurekin harremanetan jarri ahal dira: www.mareaurdina.org».