Lointek Gernika Bizkaiak lau garaipen jarraian lortu ditu
Dia Ligaren bigarren itzuliko bigarren jardunaldia lehiatu dute asteburuan, eta talde gernikarra 77-88 nagusitu zitzaion Quesos El Pastorri zapatuan (15. jardunaldia).
Lointekek azken lau garaipenetatik hiru etxetik kanpo eskuratu ditu. Azkenaldiko bolada onaren ondorioz, sailkapenean gora egin, eta gaur gaurkoz Emakumezkoen Ligaren sailkapenean bosgarren dago, 24 puntugaz (IDK Gipuzkoa seigarrenak ere 24 puntu ditu). Laugarren postuan dago Mann-Filter hurrengo jardunaldiko aurkaria. Bi taldeek domeka eguerdian jokatuko dute Zaragozan.
Perfumerias Avenida da sailkapen buru 29 puntugaz, eta puntu bat gutxiago dauka Spar Citylift Gironak. Hala, 26 puntu ditu Star Center-Uni Ferrol sailkapeneko hirugarrenak.
Zapatuko Zamorako partiduari dagokionez, etxeko taldeak erritmoari eutsi zion atsedenaldira arte, baina hirugarren laurdenean Lointekek partidua hautsi zuen. Talde lanean nabarmendu zen Lointek. Pina izan zen saskiratze gehien lortu zituena; 20 puntu eskuratu zituen valentziarrak. Alstonek (19 puntu), Basek (18 puntu) eta Caldwellek (16 puntu) ere ez zuten hutsik egin.
Gernika-Lumoko taldeak ondo ekin zion lehiari, eta talde zamorarrak ere hasiera ezin hobea burutu zuen. Bas eta Caldwellen jaurtiketekin markagailuan aurretik jarri zen Lointek, baina etxeko taldeak laster irauli zuen markagailua: 10-9. Ondo jokatuta, kontraerasoko jokaldietan asmatuta eta piboten lanagaz itxura ona eman zuen, eta 24-26ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenean eraginkor aritu zen talde gernikarra, baina atzealdean nahi baino erraztasun gehiago utzi zion aurkariari. Parekotasun handiko minutuak izan ziren bigarren laurdenekoak, eta horren adierazle da 43-44ko markagailua.
Hirugarren laurdenean baina partidua erabakita uztea lortu zuten Lointeken jokalariek. Atsedenalditik bueltan neurketa irabazteko helburuagaz kantxaratu zen etxeko taldea, baina talde gernikarrak ez zion aukerarik eman. Esaterako, 48-47 eta 50-53 aurre hartu zuen Quesos El Pastorrek. Hala ere, Lointeken erritmoa ezin izan zuen jarraitu. Caldwellek, Basek, Gomezek eta Pinak lan bikaina burutu zuten. Saskiratzez saskiratze markagailuko aldea handitzen joan zen, eta 57-73ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera.
Garaipena ziurtatu guran, Gernika-Lumoko taldea azken txanpan defentsa sendotzeko zereginean aritu zen. Etxeko taldeak ez zuen amorerik eman, baina hamar puntuko aldeagaz amaitu zen lehia.