Beste zapatuetan baino mugimendu gehiago egon da goizean eta eguerdian Bermeoko udal merkatu plazan. Bosgarren urtez, Gabonetako azoka egin dute, eta herritar asko hurreratu da itsasoko eta baserriko produktuak dastatu eta erostera. Arrain freskoa, arrain kontserbak, patea, baserriko ogia, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, baserriko esne eta esnekiak, txakolina, gozoak, loreak… eskaintza zabala egon da aukeran. Era berean, ume zein nagusiek taloa eta txorizoa ere jan dituzte.
30 bat saltoki 09:00etatik 15:00etara egon dira zabalik, baina batik bat eguerdi partean egon da joan-etorri handiena.
Umeek Olentzerori gutuna emateko aprobetxatu dute.
Beste behin, Olentzerok erakarri du txikienen arreta. Urduri zeuden bere zain, eta gehienek irrifarrez hartu dute. Haien eskariz betetako gutunak ere eman dizkiete, gurasoek, aiton-amonek edota izeko-osabek argazkiak ateratzen zizkieten bitartean. Olentzerok gozokiekin eskertu die euren maitasuna.
Olentzerori bere abestia kantatzeko tartea ere hartu dute. Hain zuzen, Bermeoko Musika Eskolako haize taldeak, koruak eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak euren abestiekin girotu dute merkatu plaza. Emanaldiaren zati baten bideoa ikusteko sartu hemen.
Merkatu barruan bakarrik ez, kanpoaldeko bozgorailuetatik ere Gabon kantak entzuten baitziren.
Ortutik Ahora elkartearen eskutik, gaileta ekologikoak egiten aritu dira asko eta asko. Masa eskuetan hartu eta askotariko irudiak egin dituzte umeek. Ondoren, labean sartu eta gozo dastatu dituzte haien gailetak.
Bestalde, Bermeoko Gure Esku Dagoren kideak Gabonetako loteria saltzen egon dira.
Umeak gaileta ekologikoak prestatzen.
Bermeoko azoka sustatu, eta adin guztietako pertsonak erakartzea da Gabonetako azoka honen helburu nagusia, eta gaurkoan behintzat lortu dute. Hala, herritarrak sasoiko produktuak kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzeko ere baliatu dute Gabonetako azoka.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.