'Bermeo euskalduna gura duzu? Egingo dugu?' hitzaldia eskainiko du Kike Amonarrizek Bermeon, Euskaraldiari hasiera emateko; bihar izango da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Zer da biharko hitzaldian azalduko duzuna?
Hasteko, euskarak bizi duen momentuaren deskribapena egin go dut. Fase aldaketa batean gaude, eta aldaketa momentu garrantzitsu batean gaudela esango nuke. Gaur egun, adin batetik beherakoen artean euskararen ulermena unibertsala da, ez dago euskaraz ulertzen ez duenik. Horrek puntu berri batean kokatzen gaitu. Hurrengo belaunaldiari begira erabileran urrats nabarmenak ematen baldin baditugu, kuantitatiboki eta ez kualitatiboki, normalizatuta dauden hizkuntzen norabidean jarriko gara. Baina hori gertatzen ez bada, atzera pauso handiak emateko arriskua daukagu. Erabilera aktibatu beharra dago, eta hortik abiatuko naiz hitzaldian.
Euskaraldia, hain zuzen, erabilera aktibatzera dator, ezta?
Ekimen horren bidez, herritarrak piztu nahi dira. Portaera batzuk aldatzea lortu nahi da, eta ariketa sinplea da. Baina bakarka, beharbada, kostatu egiten da, eta taldean planteatuta, nik uste, gauzak errazago egiten direla. Alde horretatik, hor dauka indargunerik handiena. 11 egunetan, herri bakoitzean, Euskal Herri osoan, ahalik-eta herritar gehienak aktibatzea eta bere hizkuntza portaeretan aldaketak egitea. Aldaketa horiek, gainera, denboran iraun egiten dute, Lasarten ikusi den modura.
Bermeo herri oso euskalduna izanik, zer gertatu da euskareren erabilerak behera egiteko?
Azken 10 urteetan, Euskal Herri osoan moteltzea egon da euskararen erabileran, eta hori herri batzuetan era batera edo bestera islatu da. Datuak kezkagarriak izan badaitezke ere, pizgarri bihurtu behar ditugu. Herri guztietan gertatzen dira horrelako gorabeherak. Fenomeno sozialak dira, eta askotan ez da erraza izaten zergatik gertatzen den jakitea. Hala ere, sumatzen dugu badaudela aldaketa batzuk, eta aukerak ditugula datuak nahiko genukenaren kontrako norabidean joateko. Eta, horretarako modurik eraginkorrena aktibazio soziala dela uste dut, eta horregaz batera jendea animatzea, beldurrak kentzea, norberaren hizkerarekiko autoestimua handitzea…
Bermeotarrek, antza denez, banatu egiten dituzte Bermeoko hizkera eta euskara.
Gauza bat da euskara estandarra eta beste bat da norbararen euskara, eta biak uztargarriak eta osagarriak dira, Bermeon zein beste edonon. Euskaldun guztiok dauzkagu hitz egiteko bi kode: informala eta formala. Lortu behar duguna da biak uztartu eta bietan eroso mugitzea. Alde horretatik, esan beharra daukat, oso garrantzitsua dela tokian tokiko euskarari prestigioa ematea eta hiztunen autoestimua handitzea. Euskal Herrian arazo genetiko bat daukagu: norberaren euskararekiko konplexua daukagu. Euskaldun zaharrek batua ez dakitelako konplexua daukate, eta batua dakitenek euskalkirik ez daukatelako konplexua daukate. Konplexuak, hortaz, alde batera utzi behar ditugu, eta hel diezaiogun bakoitzak daukanari. Hori ez dadila izan erabilerarako oztopoa, baizik eta pizgarria.
Euskarak Bermeon erreferentzialtasuna behar duela ondorioztatu zuen Uemak. Hala dela uste al duzu?
Nik ezagutzen ditut Bermeon euskararen munduan erreferentziazkoak diren pertsonak. Beste istorio bat da momentu honetan gaztelania dela nagusi, eta erreferentzia nagusienak gaztelaniazkoak direla. Erreferenteak indartzea garrantzitsua da, eta horrek esan gura du belaunaldi helduak ere ahalegin bat egin behar duela euskararen erabileran aurrera egiteko. Askotan esaten da gazteek ez dutela euskaraz egiten, eta hori helduek esaten dute. Baina gazteekin sartu gabe, helduek euskaraz egiten al dute? Euskaraldiagaz lortu gura da, gainera, erreferentziazkoak ditugun pertsona horiek ere, euskararen alde egotetik euskaraz egitera salto egitea. Nire ustez, euskararen aldekotasun sinbolikoaren garaia joan da. Egun, aldekotasun horrek koherentea eta praktikoa izan behar du.
Bermeoko Txosna Batzordeak, antolatuta, gazteak euskaraz parranda egitera doaz Ondarroara. Zelan ikusten duzu?
Kanpotik ikusita, ekintza alaia eta umoretsua da, helburu on bategaz, gainera. Bideoa ere ikusi dut, eta barre egin dut. Garrantzitsua da ikuspegi positiboa ematea. Borroka hau irabaziko baldin badugu, espiritu positiboagaz egingo dugu. Espiritu honek jendea erakartzen du. Ni ez naiz gaztea, baina parranda horretara joango nintzateke.
Zelan animatuko dituzu bermeotarrak egungo egoerari buelta emateko?
Bermeok sekulako aukerak dauzka, epe motzean egoerari buelta emateko: aldekotasun soziala eta soziopolitikoa dauzka, eta ezagutza eta ulermen mailak Bizkaiko onenetarikoak dira. Beraz, baldintza guztiak daude Bermeon jauzi garrantzitsu bat emateko. Bermeon lortu behar da, Barakaldon edo Sestaon errazago lor dezaten.