Euskaraz parranda egin asmoz, Ondarroara doaz Bermeoko hainbat gazte
Bermeoko Txosna Batzordeak antolatutatako irteera da.
Euskarak gazteen artean daukan «egoera arduratsua» ikusita eta herriko jaietan txosnetan egon zen dinamika onagaz jarraitzeko, Euskararen Egunaren inguruan ekintzekin betetako asteburua antolatzea izan zen Txosna Batzordearen asmoa. Lan talde txiki bat batu zen, proposamena lantzeko. Kofradi Zaharra ikusten zuten horretarako lekurik egokiena: «Gauza bategatik edo besteagatik, denbora gainera etorri zen, eta ez genuen astirik antolatzeko. Orduan, nonork txantxa modura esan zuen: Ondarroara joan beharko dugu parranda egitera!».
Txosna Batzordekoei ideia ona iruditu zitzaien; «batetik, bi herriak alderatuta egin den ikerketa kontuan izanik, eta, bestetik, aldarrikapen modura». Hala, Ondarroako gazteekin harremanetan jarri eta dena martxan jarri zuten.
Batzuei, baina, ideia ez zaie asko gustatu, eta kritikak ere jaso dituzte. Txosna Batzordekoen ustez, «polemika apur bat egotea ona da». Horrelako kanpainek eztabaida pizteko balio badute «ongietorriak izan daitezela, herria bizirik eta gauzak aldatzeko gogoz dagoen seinale».
Diotenez, Txosna Batzordea «inongo duda barik, beti egon da, dago eta egongo da herri honen alde lanean». Aratusteen bueltan bigarren saiakera bat egingo dute herrian zerbait antolatzeko.
11:00etan atera Bermeotik. Autobusa bete arte izena eman daiteke bermeokotxosnabatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatzita. 40 lagun inguruk dagoeneko baiezkoa emanda daukate. 11:00etan abiatuko dira, eta bazkaldu bitartean, karroagaz ibiliko dira kalez kale. Gaztetxean bazkalduko dute, eta kantuan aritu ostean, Bermeo eta Ondarroako euskarari buruzko berbaldia edukiko dute. Eta, dantzan amaituko dute DJ OndarruMasken musikagaz.
Bideo bat ere egin dute, OndarruMask aurkeztuz, «bermeotarrek euskaraz egiteko asmakizuna». Kanpainak harrera «oso ona» eduki du, eta Euskal Herri osotik zabaldu dela diote.
Zapatuko egitaraua:
11:00. Bermeotik irten.
12:30. Karroarekin ibiliko dira Ondarroatik eta jokoak egingo dituzte.
15:30. Bazkaria Gaztetxean, eta ostean kantuan ariko dira.
18:30. Ezta entzuten besterik txo berbaldia, Bermeo eta Ondarroako euskarari buruz.
20:30. DJ OndarruMask