Lointek Gernika Bizkaiak taldekako faseko 5. jardunaldian lortu du EuroCup txapelketan lehenengo garaipena. Aurkaria baino hobeto jokatuta,
nagusitasunez irabazi zuen atzoko partidua. Talde gernikarra
81-57 nagusitu zitzaion Cegled talde hungariarrari Casillan.
Txapelketa
hasi zenetik garaipen baten bila ari zirela adierazi zuen atzo Amaya Gastaminza hegaleko pibot nafarrak: “Eta zer hobeto hemen etxean lortzea baino. Oso pozik gaude”. Lesioaren ostean taldeagaz jokatu duen bigarren partidua izan da atzokoa, eta belaunak ondo erantzun ziolako pozik zegoen: “Taldeari lagundu ahal izan diot, eta hori da garrantzitsuena”.
Anna Gomez joko-antolatzaile valentziarrak jokalari guztiek egindako lana nabarmendu zuen: “Azkenean heldu da garaipena; bagenekien oso konplikatua zela. Kanpoko partiduetan ez dugu asmatu, bagenekien etxean aukerak izan genitzakeela, eta uste dut partidua kontrolpean izan dugula denbora guztian. Bagenekin talde ona dela, eta %100 egon beharko genuela 40 minutuetan”.
Anna Gomez valentziarra baloiagaz, atzo iluntzeko partiduan.
Argazkia:Gernika KESB.
Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek hasierako minutuetatik gogotsu jokatu zuten, eta markagailuko aldeari eustea lortu zuten. “Agian partidua apurtzea falta zela ematen zuen kanpotik begiratuta. Baina, 10-15 puntuko aldeagaz egon gara ia partidu guztian. Lehen garaipenagaz pozik, zoriontsu gaude”, zehaztu zuen
Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak partiduaren amaieran. Aurreko zapatuko Araskiren kontrako partiduagaz konparatuta, “pauso bat” eman dutela adierazi zuen, “batik bat defentsaren intentsitatean”.
Hala, defentsaren intentsitatea eta sendotasuna partidu guztietan lortzeko lanean jarraitu beharra azpimarratu zuen: “Batez ere atzean sendotasuna irabaztea bilatu behar dugu; uste dut hori dela bidea. Erasoan puntuak eskuratzen dituzten jokalariak baditugu, eta hori aprobetxatu beharra daukagu”.
Datorren astean EuroCupeko
taldekako faseko azken partidua jokatuko dute. Frantziako Basket Landes taldea izango da aurkaria azken jardunaldian, eta lehiatzera eta gozatzera kantxaratuko direla zehaztu zuen Lopezek: “Datorren eguaztenean partidu polita dugu, talde oso handi baten kontra, eta partiduaz gozatzen saiatuko gara eta aukeraren bat baldin badaukagu aprobetxatzen saiatuko gara”.
Hungariako taldeko jokalariak motelako ikusi ziren kantxan. Hala ere, Mokango Lointekeko jokalari ohia geldiarazten lana izan zuten talde gernikarreko jokalariek.
Mokango izan zen Cegleden erasoko jokaldietako protagonista nagusia, baina hutsegiteak egin zituen.
Argazkia: Gernika KESB.
Hiru puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 18-25. Eta bigarren laurdenean alde handiagoa egon zen bi taldeen artean. Hala, Bas eta Caldwellek hamar puntuko errentagaz jartzea lortu zuten (29-19). Orduan,
erritmo eta bizitasun gehiago izateko, Molina, Diez eta Gomez kantxaratu zituen Lopezek. Baina, jokalari hungariarrek markagailuko aldea murriztu zuten, eta Lopezek hutsartea eskatu zuen. Sei puntuko aldeagaz zeudela, Ariztimuño eta Gastaminza kantxaratu ziren.
43-33ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Lointekeko neskek gogotsu eta lehiakor ekin zioten hirugarren laurdenari. Garaipena ziurtatu gura zuten, et
a kontraerasoan ondo, errebotean indartsu eta defentsan presioa eginez jokatu zuten. 52-37ko markagailua izan zen lan horren guztiaren ondorioa. Hala ere, hirukoetan asmatzea falta izan zitzaien. 59-46ko markagailuagaz amaitu zuten hirugarren laurdena.
13 puntuko aldea eduki arren, azken zatiko hainbat minututan sufritzea tokatu zitzaien Lointekeko jokalariei. Baina, talde hungariarrak ere hainbat hutsegite egin zituen. Gernika-Lumoko taldetik batik bat Caldwell eta Diez kapitaina nabarmendu ziren azken laurdenean. Estatubatuarraren eragina igarri zen, eta bera eta Pina izan ziren puntu gehien lortu zituztenak (22 puntu).