Adar hotsen soinuekin hasi zen
atzo arratsaldean Busturiko Axpe auzoan Julen Kaltzadari egindako omenaldia. Aurretik, Andra Mari Elizan egin zuten haren hileta elizkizuna.
Dantza, bertso eta kanta artean jaso zuen busturiarrak maite zutenen zein bera ezagutu eta miresten zuen jendearen
omenaldi beroa.
Juan Mari Areitioren,
Arkaitz Estiballesen
eta Fredi Paiaren bertsoetan eta
Edorta Jimenezen errezitaldian haren bizipenak laburbildu, eta bere nortasuna goraipatu zuten. Ekitaldi hunkigarria izan zen, eta Kaltzadak berak gurako lukeen moduan bertaratutakoak abesten jarri zituzten
Doro Zobaranen eta haren alaba
Andere eta Malenen doinuek.
Euskal Herrian Euskaraz edota 1969an apaiz antifrankisten Gogor taldeak argitaratu zuen diskoko
Ez, ez dut nai abesti ezagunak ozen kantatu zituzten.
Kemena, ilusioa, konpromisoa, militantzia, duintasuna… berba askok definitu dute busturiarra, eta Estiballesek bertsotan esan moduan, “
ondokoari entzuteko prest, eta irrifar bat ezpainetan” duela gogoratuko dute beti bera ezagutzeko ohorea izan zutenek.
Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia atzoko ekitaldian.
Busturiarrekin batera, eskualdeko eta Euskal Herriko txoko desberdinetatik hurbildutako herritarrak elkartu ziren udaletxe aurreko plazan. Jendetza batu zen, eta besteren artean, ezker abertzaleko edota AEK-ko ordezkariek ez zuten hutsik egin gura izan. Hala,
Mertxe Mujika AEK-ren koordinatzaile nagusiak eta
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hartu zuten hitza ekitaldian.
Izan zirelako gara goiburu ezaguna aipatu zuen Mujikak: “Inoiz baino indar handiagoa dauka. Izan ere, argi eta ozenki esan dezakegu euskara eta AEK ez liratekeela egongo dauden tokian Julen ekintzaileak bere momentuan hartu zituen
konpromisoa, ardura eta jarrera bestelakoak izan balira”.
AEK erakundearen historiaren garai gogorrenetariko batean “lemazain bikaina” izan zela gaineratu zuen. Bera izan zen
Korrika ekimena abiaratu zuenetariko bat: “Eta berari zor diogu beraz, gaur egun garenaren zati handi bat. Julenek jarritako haziari esker euskaldundu dira milaka heldu; hark izandako kemenari esker ibiltzen gara bi urtean behin euskararen lurralde osoan korrika, lusioz eta gogotsu, euskararen berreskurapenaren alde”. Kaltzadak
ereindako haziak asko izan direla nabarmendu zuen AEKren koordinatzaile nagusiak: “Orain guri dagokigu euskararen alde ereindakoak ureztatzea, jorratzea eta zaintzea. Eta horretan jarraituko dugu, zuk utzitako lekua hartuta Euskal Herria euskaldundu arte”.
Rodriguezek iraileko Sorturen konferentzia politikoan ezagugu zuen Kaltzada,
Arnaldo Otegik aurkeztu zituen. Atzo esan zuenez, “hunkituta eta esperantzatuta” sumatu zuen: “Esan zigun pozik zegoela egun horretan ikusi zuenarekin, antzematen zuelako aspaldi honetan ezker abertzalea murgilduta izan den ajea nolabait gainditzen hasiak garela, eta zentzu horretan herri hau berriro ere pultsua berreskuratzen hasia dela”. Hala, belaunaldi berrietan eta baita herri honen etorkizunean ere konfiantza handia zeukala esan zion busturiarrak.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia atzoko omenaldian.
Kaltzadaren bizitza hein batean Euskal Herriaren historia hurbilaren ispilu dela gogoratu zuen Rodriguezek, “historia tragikoaren ispilu hein handi batean”. Gerraren semeak, jazarpena, errepresioa, atxiloketa, tortura eta kartzela jasan zituen.
Gizon garaikidea eta printzipio sendoak zituena izan zela adierazi zuen. “Euskal Herrian izan da beste eliza bat; herritarra, Euskal Herriarekin, euskal kulturarekin eta euskararekin konprometitua. Benetan beharrean zirenekin konprometitua. Gizon konprometitua zen Julen, eta horrek eraman zuen frankismoari indar osoz aurre egitera; borroka antifrankistarekin bat egitera. Konpromiso horrek eraman zuen langile borrokekin bat egitera edo euskalgintzan buru-belarri aritzera: AEKren sorreran, ikastolen sorreran, Egunkaria eta Eginen sorreran, Korrikaren abiatzean… “.
Sortuko idazkari nagusiak Kaltzadari eta haren belaunaldikoei
eskertzeko asko dagoela azpimarratu zuen, eta esker ona adierazi zion militante euskaldun, abertzale eta ezkertiarrari: “Agintzen dizugu guk gure aldetik borrokan tinko jarraituko dugula, zure eta zure belaunaldikoen proiektu politikoa gauzatu arte. Euskal Herria askatu eta Euskal Herri aske bat eraiki arte. Guk ere zuk bezalaxe ez dugulako ulertzen bizitza konpromisorik eta arazorik gabe”.
ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Omenaldiaren ARGAZKI GALERIA
BIDEOA
SOSLAIA