Iparragirreren bila joan dira senideak, anbulantzia eta guzti, espetxe sarreraraino
Sarek nabarmendu duenez, «modu baketsu eta irmoan egindako ekintza sinbolikoa» izan da. EH Bildu, ERC eta Unidos Podemoseko ordezkariak eta zenbait mediku ere bertaratu diraIbon Iparragirre preso gaixo larri ondarrutarraren bila joan ziren atzo Alcal...
Sarek nabarmendu duenez, «modu baketsu eta irmoan egindako ekintza sinbolikoa» izan da. EH Bildu, ERC eta Unidos Podemoseko ordezkariak eta zenbait mediku ere bertaratu dira
Ibon Iparragirre preso gaixo larri ondarrutarraren bila joan ziren atzo Alcala Meco espetxe (Madril, Espainia) atariraino, bizi duen egoera salatzeko.Iparragirreren egoera «muturrekoa» dela eta «lehenbailehen» etxera ekarri behar dutela erakutsi nahi izan zuten espetxearen aurrean. Iparragirreren senideekin batera, presondegi berean preso eta larriki gaixo dagoen Manu Azkarateren familiakoak ere egon ziren.
Senideez gain, espetxeko atariraino hainbat mediku, anbulantzia bat, bi presoen amak, Sare plataformako kideak, EH Bilduko Unai Urruzuno eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak, Ion Iñarritu senataria eta Marian Beitialarrangoitia diputatua, Teresa Jorda ERCko diputatua eta Unidos Podemoseko Eduardo Santos eta Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialauneta ere bertaratu ziren.
Iparragirreren amak esan zuenez, «Ibon ezin da denbora gehi- ago kartzelan egon. Oso gaizki dago, eta eskubide guztia dauka etxean egoteko». Gaineratu zuen «lehenbailehen» etxera eraman behar dutela, eta espero duela «guztien artean semea espetxetik ateratzea lortzea».
Sarek zehaztu duenez, kartzelako arduradunei Ibon Iparragirreren eta Manu Azkarateren osasun egoerei buruzko mediku txostenak eman eta barrura sartzen saiatu ziren zenbait ekintzaile. «Modu baketsu eta irmoan egindako ekintza sinbolikoa izan da».
Kritika gogorrak
Hodei Iruretagoeina Sareko ordezkariak ere gogor kritikatu zuen Espainiako Gobernuak preso gaixo larriak espetxean mantentzearen erabakia. «Alcala Meco espetxean dauden bi euskal preso gaixo larriak dauden egoeran egonda oraindik ere kartzelan mantentzea euren eskubideen, bizitzaren eta osasunaren aurka doa». Gaineratu zuen «ate asko jo» dituztela egoera aldatu nahian, baina ez dutela erantzunik jaso momentuz.
Zenbait mediku ere espetxearen atariraino joan ziren atzo, eta bertan gogor salatu zuten bi presoen egoera ikusita, espetxean jarraitzea. Ibon Iparragirreren egoera «oso oso larria» dela azpimarratu zuten. Gainera, «ohiko tratamenduagaz egin daitekeena oso gutxi» dela zehaztu zuten, eta horregatik «behartuta» sentitzen direla «Ibon Iparragirreren osasunaren ardura dutenei beharrezkoak diren neurriak hartzeko fase terminalean dagoen presoaren osasuna bermatzen saiatzeko».
EH Bilduko ordezkarien izenean, Marian Beitialarrangoitia diputatuak egin zuen berba, egoeraz kezkatuta: «Ibon Iparragirreren gaixotasuna eta kartzela ezkontezinak dira, eta bere egoera oso kritikoa da. Ez dugu ulertzen bere askatasunaren inguruko erabakia behin eta berriz atzeratzen ibiltzea; etxean egotea da gaitzari aurre egiteko modu bakarra».