Gernika Rugby Taldeak ezin izan zuen garaipenik lortu
atzo San Roman zelaian.
48-26 nagusitu zen Senor Independiente. Atzo lortutako puntuagaz, 19 puntu ditu talde gernikarrak eta sailkapeneko zortzigarrena da. Puntu bat gehiago dauka FC Barcelona sailkapeneko zazpigarrenak.
Hala, Heineken Ligako taldeek
atsedenaldia dute aste honetan. Hurrengo jardunaldia bi aste barru etxean jokatuko dute basurdeek. Hain zuzen, Gernika RTk SilverStorm El Salvador sailkapeneko bigarren kontra lehiatuko du 9. jardunaldia.
Etxekoen nagusitasunaren ondorioz, basurdeak defentsa lanetan buru-belarri aritu ziren hasierako minutuetan. Senor Independientek zigor kolpe bati esker 15. minutuan estreinatu zuen markagailua. Etxeko taldea Gernika-Lumoko taldea baino hobeto aritu zen erasoko jokaldietan. Hala, Bruno
Mercanti basurdeak txartel horia ikusi ostean, etxekoek entsegua egin zuten; ez zuten transformatu.
8-0ko markagailuagaz zeudela, 28. minutuan
beste entsegu bat lortu zuen Santanderreko taldeak, markagailuko aldea handituz.
Argazkia: Anuar Gomez.
Lehenengo zatian basurdeek ez zuten punturik lortu, eta
22-0ko markagailuagaz
heldu ziren
atsedenaldira. Bigarren zatian gogotsu zelairatu zen talde gernikarra. Baina, etxekoek gaztigu-ostiko bategaz beste hiru puntu eskuratu zituzten.
Hurrengo minutuetan itxura hobea erakutsi zuten basurdeek, eta
entsegua eginda, bost puntu lortu zituzten. Gero, Mateo Bast kapitainak beste entsegu bat egin zuen (53. minutuan), eta Joaquin Palisak transformatu ostean, 25-12ko emaitzagaz jarri ziren. Basurdeek partiduaren kontrola hartu zuten minutu horietan etxeko taldeak beste entsegu bat egin zuen (23-12).
64 eta 66 minutuetan partidua erabakita utzi zuen etxeko taldeak. Bi zigor kolpe transformatu, eta jarraian entsegua lortu zuten. Gero, 74. minutuan
Facundo Epinal basurdeak entseguagaz erantzun zien (Palisak transformatu zuen), baina oraindik ere markagailuko aldea handiegia zen: 45-19.
Lautaro Lualdi jokalariaren bote-lasterreko ostikoagaz aldea handitu zuten etxekoek. Hala ere, partiduko azken puntuak talde gernikarrarentzat izan ziren. Nico Jurado Chino basurdeak entsegua egin, eta Palisak transformatu zuen.