Gaiek izaten dute egia bat, edo bi, edo gehiago; ikuspuntu ezberdinen arabera. Dena den, egia batzuen atzean gezurrak ere agertzen dira, eta orduan zalantzatzen dira egia horien benetakotasuna. Gernikak ere baditu bere egiak, bat baino gehiago:?«Memoria historikoaren eta memoriaren egia ikuskera, ulerkera eta egiteko ezberdinen arteko batura delako». Eta horietan sakontzeko eta horien inguruko hausnarketak egiteko gonbitea egiten du Ipes-ek.
Liburuxka atera zuten lehenengo, eta ikus-entzunezkoagaz iritsi dira orain, funts beragaz: artxibategian utzi baino, kaleratzeko zerbait sortzeko asmoz. Eta ideia horregaz hasi zuten bidea, lerro ofizialetik haratagoko historiari garrantzia emanez.
Duela 80 urte Gernikak bizitako sarraskia oinarri hartzen du bai liburuxkak zein lan berriak. Bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira, Gernikaren Egia izeneko historialarien mahai inguru batean parte hartu zuten mundu mailako eta erreferentzia ezberdinetako historialariek. Ipes-eko Ibon Meñika eta Haritz Petralandak azaldu dutenez,
«eusko gudariek barik, Gernika benetako faxismoak eta frankismoak suntsitu zutela aldarrikatzera etorri ziren orduan pertsona horiek». Ipes-ek mahai inguru hartako informazioa bildu eta transkribatu zuen, eta elkarteko kideek aurkitu dituzte gerora, artxibo lanetan zenbiltzala.
Transkribatze horiek orduko hartan hedapen zabalik eduki ez zutela azaldu duten arren, 80 urtera, aldarrikapen horiek kaleratzeak zentzua zeukala iruditu zitzaien elkartekoei; «Uste genuen memoria zelan ulertzen dugun lantzeko orduan, bageneukala zer hausnartu modu kolektiboan». Izan ere,
ustezko egia ofizial horietako subjektu eta mezuak baino ez direla memoriatzat hartzen deritze.
«Zorionez»,
badago 80 urtetan landu izan den memoriaren lanketa bat herri honetan, eta Ipes-ek dagokion arreta eman nahi izan dio horri, «erantzukizunez, guri ere badagokigulako lanketa egitea, eta ezagupen hori hurrengo belaunaldiei transmititzea». Gauzak horrela, liburuxka egitea erabaki zuten, baina gerora, hari mutur berri bat sortu zitzaien: idatzizko transkripzio horietatik lortu zuten jakitea mahi inguru hartako irudiak ere bazeudela. Bazeuden, eta eskuratu ere eskuratu zituzten ikus-entzunezkoa egitea ahalbidetu zuten imajina horiek.
Ipes-eko kideentzako garrantzitsua da nondik gatozen jakitea eta hori azaltzea, eta horregatik,
gaur egungo memoria kolektiboaren inguruko ariketak egiteko prozedurak eta tresnak jarri nahi izan ditu, «gaurkoa interpretatuz gero, biharkoaren inguruan gogoetara bideratuz herritarrak».
Gaurko memoria ariketak. Duela 30 urteko irudi horiez gain, gaurko memoria ariketei dagokien arreta ematea ere badu helburu Gernikaren egiakek, eta, horretarako, hamahiru elkarrizketaturen iritziak jaso dituzte. Ikus-entzunezkoaren lehen zatian, Gernika Batzordea sortu zenetik 1987. urtera igarotakoa testuinguruan jartzen dute, eta horren ostean, beste hiru ataletan banatzen dute lana:?lehenengoan, Gernikaren ahaztuak biltzen dituzte: emakumeak;?bigarrenean, Gernikan komunikabideek jokatu duten papera azaltzen dute, eta hirugarren eta azken atalean, aldiz, herri mugimenduek izan duten eragina nabarmentzen dute. Karmelo Landa, Iñaki Oshea, Garazi Barrenetxea, Naia Torrealdai, Ainhoa Larrabe, Andrea Aiape, Maria Gonzalez, Maitane Azurmendi, Alvar Hervalejo, Hibai Muniozguren, Oihana Cabello, Andrea Heuschmid eta Klaus Armbruster dira, hain zuzen, ikus-entzunezkoan elkarrizketatuak izan direnak.
Ikus-entzunezkoagaz jendeak gogoetarako beharrizana izatea bilatzen du Ipes-ek: «Jendeak pentsatzea gura dugu: lanketa bat egina dago, baina zer lan egin dezaket nik memoria historikoa lantzeko? Historian geratzen dena historialariek kontatzen dutena da, baina nork jaso eta helaraziko ditu nire aitona-amonen bizipenak?».
Izan ere, elkarteko kideen ustez,
ahozkotasunean lanketa bat egiten ez bada, benetako historia galtzeko eta ez jakiteko arriskua dago; egungo jendarteak ezagutzeko eskubide eta erantzukizuna izan behar lukeen historia». Gizarteak jakin beharko lukeenaren erdia baino gutxiago dakiela uste dute elkarteko kideek, eta behintzat, dakiten apur horri «dagokion trataera» eman nahi diote.
Ikus-entzunezkoak dituen «altxorrez» baliatuta, memoriaren hari mutur bilakatzen da Ipes-en lan berria, tira eginda, ezagupen ugari ateratzen dituelarik. Eta eskaintzen dituen «perla» horien bitartez, herritarren artean
jakinmina piztea lortu gura dute, belaunaldi berriek bertoko historiaz jakin dezaten, besteak beste.
Meñikak eta Petralandak diotenez,
memoria ez da efemeride bati lotutako gauza bat, eta arrazoi ugari daude egunero lantzeko. Ikus-entzunezkoaren aurkezpenak ere, ez dituzte apirilean egin, ez dituzte bonbardaketagaz lotura estua duen urteko hilabete horretan egin. Urrian egin dituzte, eta horietan jasotako erantzuna «ona» izan da.
Jarraipen bidea. Baina ikus-entzunezkoa aurkezten jarraitzeko aitzakia badaukate, lanari jarraipen bat emateko gogoa badaukate. Eta hala egingo dute, aukerak aprobetxatuz, pantailetatik bestelako eremuetara zabalduz: herri ezberdinetako txokoetatik hasi eta hezkuntza arloko espazioetarako bidea eginez. Durangoko azokan ere izango dira, eta abenduaren 8an irudienean ere beraien tokia egina izango dute.
Gernikaren Egiaken filosofia bizirik mantentzeko eta Gernikak daukan unibertsaltasunak ahalbidetzen duen gogoetarako aukera hedatzeko nahia adierazi dute, eta
hirugarren proiektu batez ere hitz egin dute.
Eta bitartean, tresnak eskaintzen jarraituko dute, errealitatea interpretatzen laguntzeko.