Udagoienero bezala,
Busturialdeko Dantzari Nagusien Eguna ospatuko dute eskualdeko dantza taldeek zapatuan.
Gautegiz Arteagan batuko dira aurten zortzi dantza talde: Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernika-Lumoko Elai-Alai, Ajangizko Artxube, Gautegiz Arteagako Artie eta Bakioko Itxas Alde.
18:30ean emango diote hasiera saioari. Kultur Etxearen inguruan bildu eta kalejiran joaango dira frontoira. Bertan, zortzi taldeek dantza saioa eskainiko dute.
Agurrarekin hasiko dute ekitaldia, eta Boastitzea, Gipuzkoako dantzak, Dantzari dantza eta Ziekoko dantzak egingo dituzte ondoren, alarde modura. Gero, dantza talde bakoitzak egunerako prestatutako dantza erakutsiko du, banan-banan.
Azkenean, saioari amaiera emateko,
Txapeloaz dantzatuko dute talde denek alkarregaz.
Artiek 30 urte. Herriko dantza taldeak 30 urte betetzen dituenean ospatuko dute Gautegiz Arteagan dantzari eguna. Umeena egin zuten udaberrian, eta nagusiena ospatuko dute bihar. Herriko alkate Juan Felix Naberanek esan duenez, euskal herriko folklorea herritarren nortasuna da, eta dantzari egunaren bitartez eskualdearen aberastasuna erakusten da. Naberanen ustez, belaunaldi berriei euskal dantzekiko maitasuna zabaltzeko eta horiekin gozatzeko aukera ederra da dantzari eguna, «gazteek gure kultura zabaltzeko ordezkoa har dezaten. Gainera, Artie dantza taldeak lan izugarria egin du eta anfitrioi ezinhobea izango da».