Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko auzolana antolatu dute

Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako jardunaldia da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren eta Ekoetxea Urdaibairen laguntzagaz.

Hain zuzen ere, Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko hitzaldia eta auzolana antolatu dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, gizarteari tokiko biodibertsitateak duen arazoaren berri ematea dute helburu nagusi, hau da, espezio exotiko inbadaitzaileen sarrera eta haien eragina ekosistemetan. Horrez gain,  lan zientifiko sakona herritarrekin elkarbanatuko dutela azaldu dute.

Hitzaldia azaroaren 9an izango da, datorren eguenean, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, 19:30ean. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Ion Garin Barriok eskainiko du Gaztelugatxeko bioaniztasuna arriskuan: 10 urte Pitiusetako sugandilaren kontra hitzaldia.

Auzolana, berriz, azaroaren 11n izango da, zapatuan. Edonork parte hartu ahal izango du Gaztelugatxeko auzolanean; 10:00etan jarri dute ordua Eneperi jatetxeko aparkalekuan. Gehienezko parte hartzaile kopurua 30 pertsonakoa izango dela esan dute. Horregatik, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatzeko. 94-346 61 42 telefono zenbakira deituta edo idazkaritza@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena.

Bertaratzen direnei, bestalde, arropa eta labain egiten ez duten oinetako erosoak, aldatzeko arropa eta ura eroatea gomendatu die antolatzaileek.

Adituek diotenez, 90eko hamarkadan Pitiusetako sugandila babestutako biotopoan sartu zenetik ondorio ugari sorrarazi ditu. Bere sorterrian bizitzeko zailtasunak ditu, baina Gaztelugatxeko espeziengan eragina izan du, batez ere, sugandila harkaitz-zozoarengan, Gaztelugatxetik kanpo bota duena.

Aranzadiko zientzialariek Gaztelugatxen bertan azalpen labur bat emango dute, eta zortea izanez gero, bertaratutakoek Gaztelugatxekoak diren baina hortik kanpo dauden sugandilak ikusteko aukera edukiko dute. Horiek mehatxatuta dauden espezieen euskal katalogoan sartuta daudela diote; besteak beste, sugandila berde-beltza. Hala ere, Pitiusetako sugandilak adituek soilik harrapatu ahal izango dituzte, hainbat teknika erabilita. “Aipatu auzolana salbuespen bat da herritarrei arazoaren berri eman asmoz”, azaldu dute.

Euria egingo balu, auzolana bertan behera geratuko litzateke.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

IKUSIENAK

Send this to friend