Egigurenek eta Inzak irabazi dute Urriko Azken Astelehena Masterra
Giro itzela egon da masterraren bi egunetan. Erkiaga-Ekhi, Beaskoetxea-Irastorza, Olharan-Lopez eta Egiguren-Inza bikoteak sailkatu dira Jai Alai World Tourreko azken faseraMikel Egiguren eta Txabi Inza nagusitu dira Urriko Azken Astelehena Masterrean....
Giro itzela egon da masterraren bi egunetan. Erkiaga-Ekhi, Beaskoetxea-Irastorza, Olharan-Lopez eta Egiguren-Inza bikoteak sailkatu dira Jai Alai World Tourreko azken fasera
Mikel Egiguren eta Txabi Inza nagusitu dira Urriko Azken Astelehena Masterrean. Giro itzela izan zuten herenegun, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Egigurenek eta Inzak Unai Lekerika gernikarraren eta Aritz Erkiaga ispastertarraren kontra lehiatu zuten finala. Emozio biziko finala izan zen, parekatua eta frontoia bete zuten zaleak gozarazi zituzten.Hain zuzen, berdinketa hausteko hirugarren set-a jokatu behar izan zuten.
Lehenengo set-a 15-9 irabazi zuten Lekek eta Erkiagak, eta bigarrenean, 14-15 nagusitu ziren Egiguren eta Inza. Azken horiek 2-5 irabazi zuten berdinketa apurtzeko set-a.
Zapatuko finalerdian lesionatutako Gotzon Enbil zumaiarraren ordez lehiatu zuen atzoko finala Inza hendaiarrak. Hain zuzen ere, zapatuko azkenengo tantoak min hartuta jokatu zituen Enbilek.
Azken faseko bikoteak
2017ko Jai Alai World Tourreko fase erregularreko azken hitzordua izan da Urriko Azken Astelehena Masterra, eta argitu da azken fasera sailkatu diren lau bikoteak zeintzuk diren. Erkia- ga-Ekhi, Beaskoetxea-Irastorza, Olharan-Lopez eta Egiguren-Inza bikoteek jokatuko dute azken fase hori.
Asteleheneko Masterraren final handiaren aurretik, Jon Mandiola markina-xemeindarraren eta Aimar Aldazabal berriatuarraren eta Jokin Arbe eta Jonathan Etxebarrieta Etxeba markina-xemeindarren arteko partidua egon zen.
Mandiola atzelariaren profesionaletako lehenengo partidua izan zen herenegungoa. Daniako Jai Alai frontoiak kontratua eskaini dio, eta AEBetan jokatzeko bisatuaren zain dago.
Finalaurrekoak
Zapatu arratsaldean jokatu zituzten Urriko Azken Astelehena Masterraren bi finalerdiak. Lekerikak eta Erkiagak Xabi Barandika gernikarrari eta Ekhi Martinez gasteiztarrari 2-0 irabazita (15-12 eta 15-14) lortu zuten finalerako txartela.
Beste finalerdian Egiguren eta Enbil ere 2-0 nagusitu ziren Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Txabi Inza hendaiarraren kontra: 15-10 eta 15-13.