78-58 nagusitu zitzion atzo iluntzean Quesos El Pastor taldeari. 2017-2018 denboraldiko lehen jardunaldian Snatt’s Sant Adriaren kontra 73-80 galdu ostean, bigarren jardunaldian irabazteko erronka zuten Gernika-Lumoko taldeko neskek, eta ez zuten hutsik egin. Hala, Malosteko zaleak aurreko denboraldietan moduan gozaraztea lortu zuten jokalariek; zenbait momentutan jokaldi bikainak burutu zituzten.
Etxeko taldeak ia hasieratik amaiera arte eduki zuen
partiduaren kontrola, eta taldearen berezko nortasunaren ezaugarriak ikusi ziren kantxan.
Atzo iluntzean jokatu zuten Malosten.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Aurreko
zapatuan Madrilen osatutako hasierako boskoteagaz kantxaratu zen Lointek Gernika Bizkaia; lehen jokaldian defentsak baloia berreskuratu, eta bigarren jokaldian Yaiza Lazarok saskiratze bikaina lortu zuen. Aurkariek berehala erantzun zuten arren, etxeko zaleen babesagaz energia biziz nabari ziren Lointekeko jokalariak. Juana Molinaren eta Ameryst Alstonen hirukoekin 10-8ko markagailura heldu ziren.
Hurrengo minutuetan
boskoteetan aldaketak egin zituzten bi taldeetako entrenatzaileek. Etxeko taldeari dagokionez, Maria Pina sartu zen Aishah Sutherlanden ordez, eta Quesos El Pastorren
Lina Pikciute-ren lekukoa hartu zuen Anja Majstorovic-ek. Naiara Diez etxekoen kapitaina ere kantxaratu zuen Lopezek, eta ukitu zuen lehen baloian hirukoa egin zuen (18-11). Orduan, Lucas Fernandez Quesos El Pastor taldeko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Bestalde, Molina “dena ematen” ari zen kantxan, eta berak lortu zuen lehen laurdena amaitu aurreko azken saskiratzea. Hala, hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten: 24-14.
Hurrengo minutuetan
talde lan bikaina burutu zuten etxekoek. Esate baterako, Itziar Ariztimuño bilbotarrak minutu oso onak egin zituen, eta Pina ere jokaldietan asmatzen aritu zen. Hala, dozena bat puntutik gorako aldeari eusten zion Lointekek. Hala ere, Lopezek beren jokalariengandik gehiago gura zuen; atsedenaldira arte kontzentratuta mantendu gura zituen, eta 31-20ko markagailuagaz zeudela hutsartea eskatu zuen. Ondorengo minutuetan partidua “apurtzen hasi” ziren etxeko jokalariak, eta
41-24ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Argazkia. Txebi Arriaga.
Atsedenalditik bueltan ere aurreko minutuetako norabide berari eutsi zion Lointekek, baina partidua “erabat apurtzea” falta zitzaion. Hala ere, 15 puntuko aldea mantentzea lortu zuten etxekoek.
Azken minutuek denboraldirako
konfiantza gehiago hartzeko balio izan zieten etxekoei. 70-45eko markagailuagaz dena esanda eta egina zegoen, eta azken minutuak luzeak izan ziren nahi eta ezinean zebiltzan aurkarientzat. Etxekoei dagokienez, Marta Alberdik Dia Ligan debutatzeko aukera izan zuen azken minutuetan, eta Maria Pinak Valentziatik etorritako senitartekoei eskaini zizkion saskiratzeak.
Asteburuan ere etxean. Dia Ligaren 3. jardunaldia ere Malosten lehiatuko du talde gernikarrak.
Domekan Mann-Filter talde zaragozarraren kontra jokatuko du,
18:00etan hasita.