Galdakaoko Urreta Kiroldegian lehiatuko dute Emakumezkoen Euskal Kopa. Zapatuan finalerdiak jokatuko dituzte, eta domekan izango da finala.
Sarrerak doakoak dira.
Bi fasetan jokatzen da kopa. Lehenengo fasean, bigarren mailan dauden Añares Rioja ISB eta GDKO Ibaizabal-ek kanporaketa jokatu zuten
atzo arratsaldean.
65-52 nagusitu zen GDKO Ibaizabal, eta ondorioz, hurrengo faserako sailkatu da.
Gernika-Lumoko taldearen aurkaria GDKO Ibaizabal izango da. Beste finalerdia, berriz, Lacturale Araskiren eta IDK Gipuzkoaren artekoa izango da. Bi talde horien artekoa izango da zapatuko lehenengo partidua; 17:00etan hasiko da. Ondoren,
19:30etatik aurrera jokatuko dute Lointek Gernika Bizkaiak eta GDKO Ibaizabalek.
Domekan 11:30ean lehiatuko dute
finala, eta 13:30etatik aurrera hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa jokatuko dute.
Euskadiko Saskibaloi Federazioak antolatzen du Euskal Kopa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioen lankidetzagaz. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren, Galdakaoko Udalaren eta CB Ibaizabalen laguntza ere badu.
Barikuan Galdakaon egin zuten Emakumezkoen Euskal Kopa aurkezteko agerraldia, eta Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteak adierazi zuen, kopa lehiatuko duten jokalarien %50 baino gehiago euskal herritarrak direla. Hala, Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidenteak zorterik onena opa zien talde bizkaitarrei.
Barikuan Galdakaon egin zuten aurkezpena.
Argazkia: Euskadiko Saskibaloi Federazioa.
Lointek Gernika Bizkaiak irabazi zuen iaz kopa, eta aurten titulua berresteko asmoz kantxaratuko da.
Emakumezkoen Ligan dauden hiru taldeentzat (Lointek Gernika Bizkaia, Lacturale Araski eta IDK Gipuzkoa) zein bigarren mailan daudenentzat (GDKO Ibaizabal eta Añares Rioja ISB) 2017-2018 denboraldiko lehen hitzordua da. Izan ere, hurrengo asteburuan (irailak 30-urriak 1) hasiko dute liga.
Irailaren 30ean (zapatua) Gernika-Lumoko taldeak
Malosten lehiatuko du lehenengo jardunaldia; Bartzelonako Snatt’s Femeni Sant Adria taldearen kontra jokatuko du, 20:15ean.
Teresa Herrera Torneoa
Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak denboraldi honetako lehenengo garaipena lortu du asteburuan. Teresa Herrera Torneoaren finala jokatu zuen atzo
Uni Ferrolen kontra, eta
70-85 nagusitu zen.
Zapatuko finalerdian Maristas Coruñari 50-104 irabazita sailkatu zen atzoko finalera.