Oraingoan bai, oraingoan pozik zetozen Bermeoko arraunlariak. Eusko Label ligan irabazitako bandera guztiekin eta koroarekin zeharkatu zuten Lamera, herritarren txalo artean. Agertoki gainera igota, bandera guztiak astindu zituzten.
Joseba Fernandez entrenatzaileak esan zuenez, “koroa irabaztea posible izan da arraunlariek zintzo, serio eta konpromiso izugarriarekin lan egin dutelako; beti lanerako prest egon direlako”. Hala ere, joan den astean egin bezala, atzo ere, herritarren babesa nabarmendu zuen: “Eskerrik asko estropada guztietan egoteagatik, bai eta egunerokotasunean emandako animoengatik”. Irabaztea ez dela erraza esan zuen, “baina denon artean lortzen ari gara”. Hemendik aurrera gauzak “ez aldatzea” espero duela esan zuen, gainera.
Joseba Fernandez
Taldea uzten duen Xabier Zulaikak ere hitza hartu eta bermeotarren babesa eskertu zuen. Esan zuenez, urte “politak” izan dira Bermeon bizitakoak, “etxean moduan” sentitu dela aipatuta. Entrenatzaile modura lanean hasiko dela esan zuen, beste talde batean.
Xabier Zulaika
Eneko Van Horenbekek ere joan den astean aurreratu zuen taldea utziko zuela, eta atzo ere hala esan zuen. Bermeoko taldeagaz hainbat momentu on eta garaipen bizi izan dituela esan zuen, eta horiek ahaztuko ez baditu ere, herritarrek urte hauetan guztietan emandako maitasuna “ez duela inoiz ahaztuko” nabarmendu zuen.
Eneko Van Horenbeke
Josu Zabalondok ere hitza hartu gura izan zuen, eta taldearen babesleak eskertzeko tartea hartu zuen, bai eta bazkideak ere. Era berean, Bou Bizkaia peñaren babesa ere eskertu zuen, eta eurentzako txaloak eskatu zituen, “inor konturatu gabe, lan handia egiten dutelako”. Lamera bete jende egon zela aprobetxatuta, babesle berrien beharra dagoela esan zuen Zabalondok, “horrelako talde bat mantentzeko beharrezkoak dira babesleak, bestela beste talde batzuek eroango dituzte gure arraunlariak”.
Arraunlari guztiak aurkeztu ostean, eta garaipena herritarrekin batera ospatzeko, agertokitik jaitsi ziren arraunlariak eta herritarrekin batera atera zuten familia argazkia. Ondoren, herritarrek arraunlariekin eta koroarekin argazkiak ateratzeko aukera eduki zuten, eta hainbat izan ziren, gainera, horretarako tartea hartu zuten herritarrak.
Hemen atzoko argazki galeria
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.