Urregarain, jai giroan
Ohitura legez, aulestiarrek eta inguruko herritarrek Urregarai zelaian ospatuko dute Santa Eufemi eguna. Ermitara igoeran gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako sariak egongo diraZapatuan, Santa Eufemi egunez, Urregarai zelaian batuko dira aulestiarrak...
Ohitura legez, aulestiarrek eta inguruko herritarrek Urregarai zelaian ospatuko dute Santa Eufemi eguna. Ermitara igoeran gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako sariak egongo dira
Zapatuan, Santa Eufemi egunez, Urregarai zelaian batuko dira aulestiarrak. Urtero legez, ume gazte zein helduek boloetan zein txapel jaurtiketan daukaten abilezia erakutsiko dute.Esteibar eta Obietaren doinu artean hankak astintzeko astia ere izango dute, eguerdian nahiz arratsaldean. Aurten, gainera, Gure Esku Dago-k deituta, erabakitzearen aldeko elkarretaratzea egingo dute.
Iluntzean herrira jaitsi, eta Akerbeltzen musikak girotuko du plaza.
Hala, hilaren 22an rock kontzertuen txanda izango da. Beste urte batez, udaletxe aurreko plaza jendez betetzea espero dute, eta horretarako musika talde ezagunak ekarriko dituzte: Belatz, Sustrajah Band eta Vendetta. Ostean, egunak argitu arte dantzan aritzeko aukera izango dute DJ Bull-en eskutik.
Irailaren 24an goizean goizetik meza egongo da ermitan, eta eguerdiko euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzearen ostean, Esteibar eta Obietaren erromeriagaz gozatu ahal izango da.
Gero, ermitara igoerako eta irrintzi txapelketako parte hartzaileek bereganatuko dute herritarren arreta.
37. Ermitara Igoeran emakumezkoen eta gizonezkoen sariak egongo dira: irabazleek txapela eta 90 euro irabaziko dituzte, bigarrenek 75 euro, hirugarrenek 60 euro, laugarrenek 45 euro eta bosgarrenek 30 euro. Era berean, herriko lehenengoarentzako saria egongo da, eta orain arteko marka gainditzea lortuz gero, 60 euroko diru saria legoke.
Bestalde, irrintzi onena botatzen duenak txapela eta 85 euro jasoko ditu. Bigarren sailkatuak 70 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak 45 euro.
Iluntzean, ohitura legez, herriko plazan elkartuta agurtuko dituzte Santa Eufemi jaiak. Basajaun taldearen erromeriagaz borobilduko dituzte jaiak.