Irailaren 21a da IX. Forutik Forura proban aurretiaz izena emateko azken eguna

Irailaren 24an da IX. Forutik Forura mendi martxa eta lasterketa. www.urdaibaikopa.eus eta www.haitzbiribil.com webguneetan izena eman daiteke.

Federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, ostera, 15 euro. Egunean bertan izena emanez gero, denek 18 euro ordaindu beharko dituzte.

Bestalde, mendi martxetan parte hartzeko aurrez izena emanez gero, 8 euro ordaindu behar dira (14 urte artekoek 5 euro). Probaren egunean, berriz, 13 euro ordaindu beharko dira.

Urdaibai Kopako seigarren proba puntuagarria da Forukoa, eta mendi lasterketa 21,6 kilometrokoa izango da. Halaber, martxa luzeak ere ibilbide bera dauka, eta laburra, berriz, 8 kilometrokoa da.

Haitz Biribil elkarteko kideek azaldu dutenez, lasterketa eta martxa luzeko ibilbideetan aldaketak egin dituzte, martxa laburrak, ostera, aurreko urteetako ibilbide bera dauka.

Ordutegiari dagokionez, ibilaldi luzeeneko partaideak 08:30ean aterako dira, eta korrikalarientzat eta mendi martxa laburreko parte hartzaileentzat 10:30ean jarri dute irteera-ordua.

Urdaibai Kopa

Urdaibai Koparen azken lasterketa Gorozikan izango da, urriaren 15ean, eta dagoeneko izena eman daiteke www.urdaibaikopa.eus webgunean. Internet bidezko izen ematea urriaren 8a orduko egin behar da.

Aurretiaz izena ematen duten gazte eta helduek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta 14 urtetik beherakoek 6 euro. Probaren egunean izena emanez gero, nagusiek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 14 urtetik beherakoek 6 euro.

Gorozikan argituko da zeintzuk diren autengo Urdaibai Kopako irabazleak. Aipatu bi proba horien faltan, behin-behineko sailkapen orokorretan Aitor Uriarte Etxebarria eta Oihane Orue Dominguez dituzte puntu gehien.

Gizonezkoen behin-behineko sailkapenari dagokionez, Uriartek 191 puntu ditu (orain arteko bost probetatik lau lehiatu ditu). Haren atzetik Iker Villa dago, 173 puntugaz (lau probatan parte hartu du), eta Joanes Goitisolo hirugarrenak 148 puntu ditu (hiru proba lehiatu ditu). Hain zuzen, Goitisolok eta Imanol Goñi sailkapeneko laugarrenak puntu kopuru bera dute.

Bestalde, emakumezkoetan 226 puntu ditu Oruek eta orain arteko proba denetan parte hartu du. Gartze Mentxaka bigarrenak ere lasterketa guztiak lehiatu ditu, eta 212 puntu dauzka. 193 puntugaz Araitz Irazu da sailkapeneko hirugarrena (orain arteko bost probetatik lautan egon da).

Iaz Imanol Goñi eta Leire Monasterio nagusitu ziren. Goñik 199 puntu bildu zituen eta puntu bakarrera sailkatu zen Joanes Goitisolo. 190 puntugaz Arkaitz Muñoz sailkatu zen hirugarren. Nesketan, berriz, Monasteriok 192 puntugaz irabazi zuen Urdaibai Kopa. Irantzu Onaindiak eta Agurtzane Argiarrok osatu zuten podiuma, puntu kopurugaz: 190 puntu.

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

IKUSIENAK

Send this to friend