Bermeoko Udalaren zaharren egoitzako egoiliarrak ere Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatzen dabiltza. Jaietaz disfrutatzera kanpora atera ezin dutenez, jaietako jarduera asko eta asko zaharren egoitzara eroan dituzte.
Egoiliar bat Xixiligaz. Argazkia: Bermeoko Udala
Hala, besteren artean, Xixiliren eta umeen danborradaren bisitak eduki dituzte, bazkari eta bingo bereziak egiten ari dira eta Salsa Cubanakoen dantzekin ondo pasatzeko aukera ere eduki dute.
Benito Ibarrolaza Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidenteak azaldu duenez, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemietako jai giroa hurreratu nahi da egoitzara. «Helburu nagusiak dira egoiliarrek herriko ekintzen berri edukitzea, eta ahal duten neurrian parte hartzea, herriko jendearekin harremana mantentzeko. Era berean, zaharren egoitzan daudenen artean jai giroa sustatu nahi da aisialdiko ekintza ezberdinen bidez», esan du.
Bestalde, ekintza horien bitartez, egoiliarren memoria ere landu gura dela dio Ibarrolazak, «hau da, Bermeoko ohiturak eta gertakizunak gogoratu, egoiliarren autoestimua eta pertsonalitatea landuta».
Jaietako ekintza horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko, egoiliarren senideez gain, boluntarioen laguntza «ezinbestekoa» izan dela esan du Ibarrolazak, eta horiek guztiek egindako lana eskertu gura izan du, «lan ona» egiten baitute.