Unai Santamaria eta Maria Zorroza nagusitu dira Gautegiz Arteagan
Santamariak 01.29.22 markagaz irabazi du Urdaibai Koparen 5. proba. Zorrozak 01.45.22 denboragaz amaitu du 17 km-ko mendi lasterketa. Ehunka lagun batu dira martxetanUrdaibai Koparen zazpi probetatik bosgarrena lehiatu zuten domekan Gautegiz Arteagan, ...
Santamariak 01.29.22 markagaz irabazi du Urdaibai Koparen 5. proba. Zorrozak 01.45.22 denboragaz amaitu du 17 km-ko mendi lasterketa. Ehunka lagun batu dira martxetan
Urdaibai Koparen zazpi probetatik bosgarrena lehiatu zuten domekan Gautegiz Arteagan, eta Unai Santamaria hernaniarrak eta Maria Zorroza gernikarrak irabazi zuten mendi lasterketa.Hain zuzen ere, Santamariak 01.29.22 markatu zuen amaieran, eta Zorrozak 01.45.22 denboran burutu zuen 17 kilometroko mendi lasterketa.
Gizonezkoen sailkapenari dagokionez, Ekaitz Kortazar durangarra eta Imanol Goñi natxituarra helmugaratu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Santamariarengandik minutu bakarrera sailkatu zen Kortazar, eta bi minutura Goñi.
Bestalde, Naia Quincoces mendexarrak eta Amagoia Legarra gernikarrak osatu zuten emakumezkoen podiuma. Quincocesek 01.59.32 markatu zuen amaieran, eta Legarrak 2 ordu, 4 minutu eta 2 segundo behar izan zituen lasterketa burutzeko.
Denetara 82 korrikalarik amaitu zuten Urdaibai Koparen bosgarren proba, horietatik emakumeak hamar izan ziren. «92 pertsonak izena eman zuten, baina batzuk erretiratu egin ziren», zehaztu dute Gaztelu Zar elkarteko kideek.
Eguraldiak lagundu ez arren, izandako parte hartzeagaz pozik daude antolatzaileak. Izan ere, aurrez izena emandako denek parte hartu zuten, eta domekan bertan 48 pertsonak izena eman zuten.
Lasterketa eta mendi martxak kontuan hartuta, 520 bat pertsona elkartu ziren Gautegiz Arteagan.
Eguraldiak eragina izan zuen proban, eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, zenbait aldaketa egin zituzten ibilbidean: «Korrikalariak bakarrik pasatu ziren paduren paretik, eta Karmen auzoan ere errekak gainezka egin zuenez, ibilbidea aldatu behar izan genuen».