Urriko lehen eta azken astelehenetako azoketan parte hartzeko epea zabaldu du udalak
Urriaren 1ean eta 2an ospatuko da Urriko Lehen Asteleheneko azoka eta urriaren 30ean, aldiz, Azken Asteleheneko azoka. Bateko zein besteko azokan parte hartu ahal izango dute Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko Ustiategi Erregistroan altan emanda dauden Euskal Herriko ekoizleek. Hala ere, Autonomia lurraldeko elkarteetako produktore eta eskulangintzako kideek ere jarri ahalko dituzte beraien saltokiak, azokako sustatzaileek gonbidatuta badaude.
Hala, udalak jakitera eman duenez, Urriko Lehen Asteleheneko azokan parte hartu nahi dutenek irailaren 22ra arteko epea izango dute izena emateko, eta urriaren 12ra artekoa, berriz, Urriko Azken Asteleheneko azokan parte hartu nahi dutenek. Bateko zein besteko agiriak udaletxean aurkeztu beharko dira. Posta arruntez ere (Gernika-Lumoko Udala, Foru plaza 3, 48300) bidali ahalko dira eskabide orriak, edota faxez (94-625 75 42). Posta elektronikoz bidaltzea erabakitzen dutenek haz@gernika-lumo.net helbidera bidali beharko dute udalaren webgunetik (www.gernika-lumo.net) deskargatu daitekeen eskabide orria.