Santiago eta Santa Ana, ate joka
Kortezubitarrak jai nagusiak ospatzera doaz, zapatuan hasi eta eguaztenera arte. Busturian, Nabarnizen, Morgan eta Ondarroan ere ez dute aspertzeko astirik edukiko.Asteburu bete-betea dator Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera. Madalen Egunak eta San...
Kortezubitarrak jai nagusiak ospatzera doaz, zapatuan hasi eta eguaztenera arte. Busturian, Nabarnizen, Morgan eta Ondarroan ere ez dute aspertzeko astirik edukiko.
Asteburu bete-betea dator Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera. Madalen Egunak eta Santiago eta Santa Ana jaiek topo egingo dute datozen egunetan.Santiagoak eta santanak jai nagusiak dira kortezubitarrentzat, horregatik, bost eguneko egitarau zabala prestatu dute. Zapatuan txupinagaz eta bakailao janagaz hasiko dituzte jaiak, 19:00etan.
Morgan ere lau eguneko egitaraua prestatu dute. Ume zein nagusientzako jarduerak egongo dira aukeran. Domekan, zirku eta sukalki egunagaz emango diote hasiera jaiei.
Nabarniztarrak, berriz, Lekerika auzoan, Santiago baselizaren inguruan bilduko dira martitzenean, Santiago Eguna ospatzeko.
Orain dela bi aste San Kristobal auzoan batu ziren busturiarrak hango jaiak ospatzeko. Oraingoan, baina, Axpen batuko dira. Domekan hasiko dituzte jaiak aipatu auzoan, sukalki egunagaz. Ordutik, bost egunez jaietan murgilduta egongo dira.
Azkenik, Ondarroan, Galizia Etxearen eskutik dator asteburuan jai giroa. Galiziako folklorearen ezaugarri diren gaitak eta dantzak ez dira faltako, ez eta euren gastronomiako produktu tipikoak ere. Euskal Herriko hainbat Galizia Etxetatik etorritako gaiteroak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira. Santiago Egunean, bestalde, Karmengo Ama aterako dute prozesioan.