Iritsi da Izaro uhartea Bermeorena dela aldarrikatzeko eguna, Izaro da Madalen Eguneko protagonista nagusia. 12:00etan abiatuko da zapatuan itsas prozesioa Izarorantz, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, Bermeoko alkateak teila botako du, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazteko.
Bermeoko alkatea teila botatzen
Bermeo, Elantxobe eta Mundakako herriak dira Madalen Eguneko protagonistak. Hala, hiru herrietan festa giroa izango da nagusi, eta, Elantxoben, esaterako, milaka lagun espero dituzte.
Festa bai, baina tradizioz jositako eguna ere bada, eta urteroko egitarauari eutsiko diote, beste behin ere.
Itsas prozesioa Elantxobera iritsita, Jesus Maria Olagibel alkateak herriko makila emango dio Bermeoko alkatieri, ordu batzuetarako. Ondoren, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egingo dute.
Arratsaldean, bueltan, Mundakan egingo dute geldialdia. Ondoren, 20:00ak inguruan iritsiko da udalbatza Bermeora, herritarrekin batera festa giroan jarraitzeko. Goiko Plazara joanda, banderak altxatu eta biribilketak egingo dituzte. 22:00etan, Lameran, herritarrek dantzan jarraitzeko aukera izango dute Zirkinik ez taldeagaz.
Txokolatea banatzen Baztarren
Aurretik, baina, eta ez dagoelako Madalen bezperarik Baztarreko jairik barik, auzotarrek goizetik gauerako egitaraua prestatu dute. Urtero egin legez, ume zein nagusientzako jarduerak antolatu dituzte.
Ontziak Izaro uhartearen inguruan, Madalen egun batean
Segurtasun neurriak. Bermeoko Udalak itsas prozesioan parte hartzeko asmoa duten ontziei, indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu die. Era berean, Izaro uhartearen inguruan, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontzietako jabeei ontzien arteko distantzia errespetatzea ere eskatu die.
Elantxobe eta Ibarrangeluko udalek, bestalde, autobabeserako plan bat egin dute. Izan ere, biharko, bi herriak kontuan izanik, 8.000 lagun aurreikusten dituzte.
Aipatu planarekin jarduteko protokoloa eta erantzukizun partekatua ezarri gura izan dute. Neurriak eta kontrola areagotu gura izan dira segurtasuna bermatzeko, hainbait baitira Madalen Egunean itsasotik zein lurretik heltzen diren pertsonak. Elantxobera, bertako bizilagunek eta baimen bereziko ibilgailuek baino ezingo dute autoz sartu, betiere, identifikazio txartelagaz. Kanpokoek, Ibarrangelu zeharkatuz sartu beharko dute Elantxobera. Ibarrangelun aparkaleku gune bat ezarriko dute, eta errepide mozketak egingo dituztela jakinarazi dute.
Planaren baitan, suhiltzaileentzako sarbideak ezarri eta suteak itzaltzeko zerbitzuen sarrerak be zehaztu dituzte. Araudiak, bestalde, arriskuen arabera hartu beharreko neurriak ere azaltzen ditu: sute arriskua, bonba mehatxua, itotzeko arriskua, eraso matxistak…
Ohiko baliabideez gain, gainera, Madalen Egunean baliabide materialak gehituko dituzte, bai eta giza eta osasun baliabideak ere. Ibarrangelun heliportua egongo da, eta itsasoan, Ertzaintzaren eta Gurutze Gorriaren itsasontziak egongo dira.
Jai egunaz gozatzera doazenei, «zentzudunak» izatea eta «errespetuz» jokatzea eskatu die Elantxobeko alkate Josu Olagibelek, bi jarrera horiek «ezinbestekoak» baitira «jai giro on bat» sortzeko. Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagak esan duenez, «Madalen Eguna ospakizun eguna izatea espero dugu, eta jaia arazo barik joatea. Guztiok jai egunaz gozatzeko, errespetua eskatzen dugu, eta ez ahaztu,
Ez dala ez. Indarkeria matxistarik gabeko jaiak gura ditugu».
EGITARAUA
Baztarreko jaiak
Bihar
– 10:30. Umeentzako txokolatada eta jolasak.
– 11:30. El Tenderete txotxongiloak-en eskutik, Hartz Gozozalea.
– 12:30. Ipuin kontalaria, Zirrikituen Jostunek: trikitilariarena.
– Eguerdian, Madalen Bezperako bazkari herrikoia, Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta.
– 18:30. Kanta kanta loruegaz eta Kankinkabara txistu taldeagaz kalejira.
– 19:00. Marmitakoa dastatzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek
– 19:30. D’Capricho.
– 20:00. Kanta kanta loruen kalejira, Goiko Plazatik hasita.
– 21:00. Los Rumberos.
– 22:00. Hexen.
– 23:00. Disko jartzailea.
Madalen Eguna
Etzi.
– Goizean, Kankinkabara Txistu taldearen kalejira.
– 11:45. Udalbatza Goiko Plazan batuko da eta txistulariekin batera joango dira itsasontzietaraino.
– 12:00. Itsasontzietara igoko dira, eta itsas prozesioan abiatuko dira Elantxobera. Bidean, Izaro uhartean egingo dute geldialdia. Izaron, ikurrina eta Bermeoko bandera jarriko dituzte, eta, ondoren, alkateak teila botako du.
– 14:00. Elantxobera iritsiko dira itsasontziak. Bertan, Elantxobeko plazan, Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariek ohorezko aurreskua egingo diete agintariei (Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko alkateei).
– 18:00. Elantxobetik aterako dira itsasontziak, Mundakara joateko.
– 19:30. Ontziak Bermeora iritsi. Udalbatza Goiko Plazara abiatuko da Bermeotarrak fanfarreagaz batera, banderak igoko dituzte, eta, ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak dantzatuko dituzte.
– 22:00. Erromeria Zirkinik Ez taldeagaz Lamerako kioskoan.