Atzoko egiak, biharko Gernika
Oroimen historikoa eta herritarren errelatoa berreskuratzeko idatzizko lana kaleratu zuen Gite-Ipesek apirilean. Liburutik harago, 'Gernikaren egiak' ikus-entzunezkoan biltzeko proiektua daukate orain esku artean.Gernikako bonbardaketa data bat baino h...
Oroimen historikoa eta herritarren errelatoa berreskuratzeko idatzizko lana kaleratu zuen Gite-Ipesek apirilean. Liburutik harago, ‘Gernikaren egiak’ ikus-entzunezkoan biltzeko proiektua daukate orain esku artean.
Gernikako bonbardaketa data bat baino harago doa. Gernikako bonbardaketa 1937ko apirilaren 26a baino gehiago da; urteroko apirilaren 26a baino gehiago da. Gernikaren errelatoa orain arte entzun, zabaldu, inposatu dutena baino harago doa. Eta Gernikan egia bat baino gehiago dagoelako kaleratu du aurten Gite-Ipes-ek Gernikaren egiak liburua. «80 urte betetetzen ziren bai Gernikan eta bai hainbat lekutan gerrak markaturiko nolabaiteko errealitateren bat gertatu zela, eta eztabaida soziala pil-pilean legokeela aurreikus genezakeen. Baina, agian, modu dinamikoan ulertzearen ildotik eta errealitateak horrela erakutsi digulako, ba efemeride batek sortzen duen testuinguruak gertaera horren data zehatza baino haragoko sakonera soziala daukala ohartu gara», adierazi du proiektuaren bultzatzaile Ibon Meñikak.Beraz, Gernikaren egiak ikus-entzunezkoan biltzeko proiektuari ekin diote orain. Orain 30 urte, bonbardaketaren 50. urteurrenean Gernikan bildutako historialarien mahai-ingurua ardatz hartuta, historia gaurkotzeko lana daukate esku artean.
Meñikagaz batera, Haritz Petralanda ere Gernika-Lumon eta Bizkaiko beste zenbait tokian grabazioak egiten ibili da azken hilabetean. «Ikusten duguna da Gernikaren dimentsio politiko, sozial eta kultural horren bitartez eztabaida soziala sustatzeko edo interpretatzen jakiteko euskarri bat sortu dugula. Oso pozik gaude proiektuak berak garrantzia eta garapen hori eduki duelako. Horrek eraman gaitu gogoetatzera, euskarri gehiagoren beharraz gogoetatzera; eta horrek ekarri gaitu gaurkora», diote.
Herritarren egiak gaur
Gernikaren egiak liburuak isilpean egon diren hainbat egia piztu ditu, kontzientzia asko. «Bidean berreskuratu dugu orain 30 urte Gernikan batu ziren historialarien mahaia, eta grabazio horretatik bi ondorio atera ditugu: orduan esandakoek gaurkotasuna daukatela zoritxarrez, aldarrikatzen jarraitzeko arrazoi berak dauzkagula. Bigarrena, aldarrikapen horren transzedentzia gaurko ikuspegitik lanabes bihurtu daitekeela».
Lanabes horri, baina, ahots berriak gehitu nahi dizkiotela diote: «Ahots ezberdinak bildu gura izan ditugu, eta gaurko ikuspegitik eztabaida sozialean egon daitezkeen iritzi eta ekimen ezberdinei dagokien aitortza eta ahotsa ematea».
Orain 30 urte historialarien mahai-inguruan aurkeztu zituzten ondorio, iritzi eta hausnarketak akademikoak zirela gogoratu dute; «eta hori ondo dago, errealitate bat ikusarazi zutelako. Baina interesgarria da, baita, dokumental honek ekarriko duena; ikuspuntu akademikoa herritartu egin dela. Jendeak hartu du bere gain Gernikako egiak ezagutarazteko ardura hori, eta hori interesgarria da».
Historia gatibu
Orain arte ikerketa eta kontaketa egiterakoan, gizonen ikuspuntutik egin dute historialariek, eta Gernikaren historia ikuspuntu militarretik kontatu da. Errelato horretan, historia eta errealitate pertsonalak falta direla diote Meñikak eta Petralandak, eta horiek ere historia direla.
Beraz, prestatzen ari diren ikus-entzunezko lan horretan, emakumeen ikuspuntuak ere pisua edukiko du. «Elkarrizketatuen artean asko dira emakumeak; ahaztuarazi diguten perspektiba bat jaso nahi izan dugu horrela; hori ere balioan jarri behar delako», aipatu dute.
Hala, elkarrizketa saioak espero baino emaitza hobeak eman dituela esan dute. Hasierako planteamenduak gizonezko historialarien mahai-inguru batean zuen abiapuntua, baina horretan historiaren zati handi bat dago ez dena kontatu: emakumeena. Zabaltzen ari diren gai eta hausnarketak harago doazela diote proiektuaren sustatzaileek; «kazetaritzaren ikuspegitik, historia ikertzearen ikuspegitik, ondorengo Gernikan ema- kumeek eduki zuten egitekoaren ikuspegitik… Zergatik ez da kontatu fronteko eta ondorengoko emakume horren egitekoa? Historialariei galdetu beharko zaie. Gaur eguneko ikuspegitik hori da, agian, eztabaidatu behar den benetako memoria».
Gernikaren egiak ikus-entzunezkoak hamabi-hamabost lagunen hausnarketak bilduko ditu, 45 urtetik beherako herritarrenak: «Gogoeta sakona, iritzi kualifikatua eta eztabaidarako osagaiak mahaigaineratzeko daukaten gaitasuna erakutsiko ditu». Memoria historikoa gaurko lanabesa dela, oroimena ez dela atzera begirako zerbait egitea; hori da esku artean duten lan horretatik atera duten beste ondorio bat. «Oroimena oraindik gatibu dago; Gernikan egia asko daude, eta munduan Gernika asko».