Baserritar eta ekoizleen azokak hartuko ditu domekero Ibarrangeluk
Ekoizleek eta baserritarrek azoka egingo dute domeketan Ibarrangelun. Uztailaren 30ean egingo dute lehenengoz, eta abuztu amaierara arte Eleizalde auzoko Plaza Barrin batuko dira domekero. 11:00etatik 14:00etara jarriko dute azoka.Herriko ekoizleak eta...
Herriko ekoizleak eta baserritarrak biltzeko asmoz, orain dela hilabete bat elkartu zen herritar talde bat, eta dagoeneko zenbait bilera egin dituzte. Azaldu dutenez, herriko ekoizle, baserritar eta artisauak azokan parte hartzera animatu gura dituzte. Interesa duenak Kultur Etxera deitu beharko du: 94-627 61 98.
Herriko merkatuaren alde
Momentuz bospasei ekoizlek haien produktuak eskainiko dituzte, ortuariak eta ogia, besteren artean. Ekoizleek zehaztu dute honako helburuak dituztela: herriko merkatua berreskuratzea, elikagai osasuntsuak kontsumitzeko eskubidea bermatzea, herritarren arteko harremanak bultzatu eta sendotzea eta tokiko ekonomia sustatzea.
Bilerak egiten jarraitzen dute, eta abuztuan herritarren artean duten harrera ikusi ostean erabakiko dute udazkenean eta neguan azoka domekero egiten jarraitzea edo hilabetean behin egitea. Ibarrangeluko Udalak bi urterik behin antolatzen du nekazal eta artisautza azoka, baina baserritarren azokarik ez da egon orain arte herrian.
Antzina herriko baserritarrek Elantxobera eroaten zituzten haien produktu freskoak eta Talaiako bankuetan saltzen zituzten. Durukiz, Arboliz, Merru, Apraiz eta beste zenbait auzoetako bizilagunak joaten ziren Elantxobera, eta batez ere arrantzarako itsasontziak hornitzeko saltzen zizkieten produktuak, eta saltzen ez zutena, herrirako bidean etxerik etxe saltzen zuten. «70eko hamarkadan fruta saltzailea etortzen hasi zen, eta ohitura hura galtzen joan zen hurrengo urteetan».