Ramon Añibarroren 'Bizkor' euskal artzain txakurra izan da onena
Euskal Artzain Txakurren 24. erakusketa monografikoa hartu zuen zapatuan Busturiko Axpe auzoak. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 46 parte hartzailek eman zuten izenaBusturiko Axpe auzoak Euskal Artzain Txakurren 24. erakusketa monografikoa hartu zuen zapat...
Euskal Artzain Txakurren 24. erakusketa monografikoa hartu zuen zapatuan Busturiko Axpe auzoak. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 46 parte hartzailek eman zuten izena
Busturiko Axpe auzoak Euskal Artzain Txakurren 24. erakusketa monografikoa hartu zuen zapatuan; Ramon Añibarrok eta Bizkor txakurrak irabazi dute aurtengo erakusketa monografikoa.Bizkor izan zen zapatuan Gorbeia arrazako onena. Orozkoko artzainak bosgarren urtez parte hartu du txapelketan, eta azaldu duenez, iaz klase irekian nagusitzea lortu zuen.
Eusebio Bengoetxea aulestiarra eta Luky txakurra ardiekin egindako probako onenak izan ziren. Luky eta Mendi txakurrekin joan zen Bengoetxea Busturira. Mendi Gorbeiako txakurren artean bigarren sailkatu zen. Aulestiko artzainak txapelketa lehiatu duten 24 urteetan parte hartu du. «Sei txapel lortu ditut aurrekoetan, eta gaurkoa zazpigarrena da». Urtez urte txakur gutxiago egon arren, kalitate aldetik hobeak direla nabarmendu zuen: «Lehenengo urtean 140 txakur egon ziren, eta gaur 45 inguru, baina kalitate askoz hobekoak».
Iletsuen kategorian, Juan Maiza eta Pardarri Indar txakurra nagusitu ziren. Baina sari banaketa ekitaldia egin aurretik joan behar izan zutenez, ezin izan zuten txapela jantzi.
Bestalde, Ilarduiako Leze baserriko Jose Mari Jauregik ardiekin egindako lanagatik eta edertasunagatik lortu zuen saria, Leze txakurragaz. Leze eta haren loba Negugaz joan zen Jauregi Busturiko erakusketara. Artzain arabarrak ere esperientzia dauka txapelketan: «20 urtetik gora daramatzat parte hartzen, eta Lezegaz irabazi dudan seigarren urtea da. Ia denok elkar ezagutzen dugu».
Hamasei erregistro berri
Euskal Artzain Txakurraren erakusketa monografikoa 10:00ak aldera hasi zen, erregistro berriekin. Aurtengoan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik etorritako 46 parte hartzailek eman dute izena, eta horietatik hamasei artzain txakurren jabeek jaso zuten benetako artzain txakurra dutela ziurtatzen duen agiria. Horiek albaitarien azterketa pasatu zuten.
Eguerdian, ohitura legez, ikurrina jaso eta Irrintzi Alai dantza taldekoek agurra dantzatu zuten. Horregaz batera, herriko gudarien aldeko monolitoan lore eskaintza egin zuten.
Jarraian, edertasun proba eta ardiekin gaitasun proba egin zituzten, Izpiluetan. Azken horretan, esate baterako, lau artzainek parte hartu zuten.