Epaileak Busturiko Udalak eskatu duen informazioa ematera behartu du Sukarrietako Udala
Busturiko Udalak jakitera eman duenez, Administrazioarekiko Auzien Bilboko 5. Epaitegiak Sukarrietako Udala behartu du Busturiko Udalak eskatutako informazio guztia ematera. «Epaiak dio Sukarrietako Udalak ezin dizkiola Busturikoari ukatu eskura dituen agiriak, Gardentasun Legea urratzen ari direlako», esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
San Antonio enklabea desagerrarazteko Bizkaiko Foru Aldundiak eman zuen lehenengo proposamenean du jatorria aipatu auziak, 2016.urteko martxoan, hain zuzen ere. Enklabea desagerrarazteko lehenengo proposamenean, aldundiak enklabea zatitu eta bi herrien artean banatzeko proposamena onetsi zuen. Modu horretan, Sukarrieta eta Busturia arteko muga lerroa aldatzea proposatzen zuen. Proposamen horrek Sukarrietari ematen zion Busturiarenak diren Santarenako lurrak, lurraldean jarraipena izan zezan San Antonioraino, eta udalekuen eraikina ere Sukarrietan geratzen zen. Busturiari, berriz, San Antonio hondartza eman zioten, bai eta hondartzaren hegoaldeko partzelaren zati bat ere.
«Kaltegarria». Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamen hori Busturiko udalerriarentzako «nabarmen kaltegarria» zela dio alkateak. «Erabaki horren aurka egiteko, azterketa ekonomiko bat egitea erabaki genuen. Erabakia hartzerako orduan aldundia oinarritu zen txostenaren inkongruentziak frogatu nahi genituen», esan du.
Hala, diotenez, zenbait datu ekonomiko eskatu zituzten Sukarrietako Udalean, aurrekontuei eta zergei buruzkoak, hain zuzen; «datuak emateari uko egin ziguten». Horregatik, Busturiko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen, aipatu datu horiek «funtsezkoak baitziren Busturiaren interesak babesteko».
Orain, epaileak arrazoia eman dio Busturiko Udalari, eta epaiak informazioa ematera behartzen du Sukarrietako Udala.