Bikote gernikarra
Hormaetxea eta Inza mendean hartuta (30-24) sailkatu da hirugarren. Ordu bete baino gehiago iraun zuen partiduan, tantu guztiak oso lehiatuak izan ziren.
Daniako frontoiko ordezkariek partidu bikaina eta txukuna jokatu zuten, eta biak ala biak
seguru aritu ziren. Xabi Barandikak “lehia polita” izan zuen Hormaetxeagaz. Gernikarrak nortasuna duen puntista dela ikusi zen kantxan, eta hark erakutsitako lasaitasunak eta segurtasunak publikoaren txaloak eragin zituen.
Atzean ere lehia ederra izan zuten Unai Lekerikak eta Txabi Inzak. Pilotari biek segurtasuna eta errebeseko jokaldietarako duten indarra erakutsi zuten. Lekek ondo erantzun zien aurkarien ekinaldiei.
Bart jokatutako final handian, nazioarteko torneoaren
irabazleen txapela Egiguren-Lopez bikoteak jantzi zuen. Horiek 30-22 irabazi zieten Erik Mendizabal eta Ibon Aldazabali. Faboritoek ez zuten hutsik egin; 22-21 arte, final parekatua jokatu zuten, baina azken zatian donostiarra eta zumaiarra nagusi izan ziren kantxan.
20 urtez itxita egon ostean, aurten zabaldu dute Mexikoko frontoia (orain zesta eskola ere zabalduko dute bertan), eta atzoko finalagaz amaitu zuten lau hilabete iraun dituen denboraldia. 62 metroko luzeragaz, munduko frontoirik handiena da, eta atzo puntisten ikuskizunaz gozatzeko gogotsu zeuden zaleez bete zen.
Argazkia: Jai Alai News.
Bestalde, Mexikoko frontoiko ordezkarien Relampago Torneoaren finala ere lehiatu zuten atzo. Aaron Gonzalez de Matauko eta Ekhi Martinez arabarrek lortu zuten garaipena; 20-15 nagusitu ziren Ochoa mexikarraren eta Ihitsague lapurtarraren kontra.