Erabakitzeko eskubidearen itsasoak daramatzan olatuei tantak gehitzen ari zaizkio, eta horietako bat izango da Elantxobe. Herri horretan ere Gure Esku Dago dinamika martxan jarri dute.
Barikua arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta, deialdiagaz bat eginik, hainbat herritar batu ziren Jubilatuen Etxean. Diotenez, Elantxobeko herritarrak dira, eta sentsibilizazio, kultura, adin eta pentsaera desberdinen gainetik, beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatu gura dute. Lanean hasteko, apirilaren 2an herri galdeketak burutu zituzten zenbait herriren ordezkariak ere gonbidatu zituzten barikuko aurkezpenera. Hain zuzen, galdeketak egin dituzten Ereño eta Eako Gure Esku Dago herri dinamikaren ordezkarien ahotik entzun zituzten beren esperientziak. Ibarrangeluko Gure Esku?Dago taldeko ordezkariak ere izan ziren barikuko aurkezpenean. Herri horrek ere erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi du, eta sinadurak biltzen aritu izan dira Gorpuzti jaietan ere. Galdeketa egiteko behar besteko babesa badu Ibarrangeluko Gure Esku Dagok, eta herritarrei egingo dieten galdera iraila aldera zehaztuko dute. Ibarrangelugaz eta Mundakagaz batera, Elantxobek ere azaroaren 5eko olatua hartu gura du, eta elantxobetar denen parte hartzeagaz egin gura du. Horretarako, denen ideiak bildu gura dituzte, eta hurrengo bilera laster egingo dute.