Hamar urte igaro dira Gernika-Lumoko Xankore antzerki taldea lehenengoz agertoki gainera igo zenetik, eta, ordutik, urtean urtean antzezlan batekin gozarazteko aukera eman die herritarrei. Hamargarren urtean, hamargarren antzezlana (Si no lo bebo, no lo creo) kaleratuko dute taldekideek, eta, hain justu, zapatuan egingo dute estreinaldia, herrian.
20:30ean, Lizeo Antzokiko eszenatokira igoko dira, beraien antzezteko abilezia eta gogoa bertaratutakoekin elkarbanatzeko. Guztira, sei antzezlek parte hartuko dutela azaldu du aktoreetako bat den Mila Artexek;?«guztiak emakumeak, guztiak hamar urtez taldean elkarregaz aritutakoak».
Felipe Cuetararen gidaritzapean, ikasturte osoan zehar entseatutakoa jendaurrean erakusteko unea iritsiko zaie, beraz, sei aktore horiei zapatuan. Gazteleraz antzeztuko dute, eta Artetxek jakinarazi duenez, «ordubete eta laurdeneko iraupena» izango du, gutxi gora-behera.
Tarte horretan, barre ugari egiteko aukera izango du ikusleriak, Artetxek dioenez. Bertaratu nahi duenak 4 eurotan izango ditu sarrerak salgai (bazkideek 3 eurotan).