Euskararen Txantxangorriari babesa agertu dio TKEk

Euskara bultzatzeko ekimenagaz bat egin dute arraun ordezkariek. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Traineruen Kluben Elkarteak hitzarmena sinatu dute goizean Bilbon.

Akordioaren helburua “euskara bultzatuz eta euskarari hegoak emanez”, Euskararen Txantxangorriari babesa eskaintzea dela azaldu dute.

actbfahitzarmena

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Traineruen Kluben Erakundeak goizean sinatu dute hitzarmena Bilbon.
Argazkia: Eusko Label Liga.

Euskararen Txantxangorria euskararen erabilera bultzatzeko eta zabaltzeko sortutako sinboloa eta ekimena da.

Borja Rodrigo TKEko presidenteak euskararen “zabalkunde eta normalizazio prozesua” gertatzeko halako ekimenak garrantzitsuak direla nabarmendu du. Haren berbetan, TKEk euskara eta galiziera sustatu izan ditu beti, eta gaur sinatutako hitzarmenaren helburua “konpromiso hori indartzea” dela zehaztu du.

Bestalde, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak elkarlanean euskara sustatzen jardutea beharrezkoa dela adierazi du: “Eusko Label Ligak berea egin du euskara erabiltzearen gonbidapena. Denon artean euskarari bultzada eman nahi diogu, gero eta eremu gehiagotan bere erabilera handitzeko eta honen bitartez, beste kirolei eta bizkaitar guztiei zabaldu nahi diegu gonbidapen hau”.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Urdaibai Avia, Kaiku Producha, Ondarroa Cikautxo eta Zierbena Bahías de Bizkaia arraun talde bizkaitarretako ordezkariak ere egon dira goizeko ekitaldian.

Aipatu lau taldeetako arraunlariek Euskararen Txantxangorriaren logoa jarri diote zein bere traineruari. Bermeoko arraun taldeko ordezkaria Eneko Van Horenbeke izan da; hark jarri dio Euskararen Txantxangorria Bou Bizkaiari.

hitzarmena

TKEko Bizkaiko lau arraun taldeetako ordezkariak, Lorea Bilbao, Unai Rementeria eta Borja Rodrigogaz.
Argazkia: Eusko Label Liga.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend