Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako euskararen erabileraren kale-neurketaren emaitzak ezagutarazi dituzte gaur goizean, Gernika-Lumon. Eta jakitera eman dutenez, azken bost urteetan euskararen erabilera %3 jaitsi da herrian.
Sei ibilbidetan –erdiguneko hiru ibilbide eta eskola inguruko beste hiru ibilbide–, soziolinguistika klusterreko kideek, guztira, 1.945 elkarrizketa aztertu zituzten 2016an Gernika-Lumon, hizkuntza-erabileraren kale-neurketa egitekotan. Hala, 5.491 hiztun entzun zituzten, eta horien artean zerabiltzaten hizkuntza zein zen aztertu zuten.
Gaurko aurkezpenean jakitera eman dute kalean entzundako hamar elkarrizketatik bost euskaraz izan zirela, alegia, elkarrizketen %49,4; beste %47,3 gaztelaniaz eta gainontzeko %3,3 bestelako hizkuntzetan. 2011n, aldiz, euskararen erabilera %52an zegoen, eta 2006an, %57,3an. Beraz, urteen poderioz beherantz egin du euskararen erabilerak?Gernika-Lumon.
Bizkaia edo Euskal Herriko datuekin alderatuta, Gernika-Lumoko euskararen erabilera nabarmen altuagoa dela azaldu dute; izan ere, 2011ko kale-neurketaren arabera, Bizkaian %9,4koa zen euskararen erabilera eta Euskal Herrian %13,3koa. Hala ere, «datu hutsak baino joerak begiratu behar» direla nabarmendu du Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak.
Adinari dagokionez, haurrak (2 eta 14 urte artekoak) eta gazteak (15 eta 24 urte artekoak) dira euskara gehien erabiltzen dutenak Gernikan, kale-neurketaren arabera. Hain justu, kalean entzundako haurren %62,2ak eta gazteen %54,2ak egiten zuen euskaraz. Hala, helduak (25 eta 64 urte bitartekoak) eta adinekoak (65 urtetik gorakoak) dira gutxiago erabiltzen dutenak; %41,1 eta %35,5, hurrenez hurren.
Haurren arteko euskararen erabilera, aldiz, %56,5ekoa da, eta haurrik gabeko nagusien arteko elkarrizketetakoa, berriz, %32,2koa. Haurrak eta helduak nahastuta dauden taldeen erabilera, aldiz, bestelakoa da: %63,5ekoa, hain justu. Beraz, ume eta gazteen presentziak euskarako elkarrizketetan daukan garrantzia azpimarratu dute gaur Soziolinguistika Klusterreko teknikariek.
Beheranzko joera
2001 eta 2016 urteetako egoera bestelakoa da. Haurren kasuan, esaterako –erdiguneko hiru ibilbideetako datuak kontuan hartuta–, euskararen erabilera 14 puntu jaitsi da, eta gazteen artean mantendu egin da azken hamar urteetan. Nagusien artean ere, beheranzko joera izan du erabilerak, hamar puntuko aldea utziz 2001etik 2016ra bitartean. Jaitsiera handiena, hala ere, adinekoen artean eman da: hamar urtetan 22 puntu jaitsiz.
Sexuari erreparatuz, bestalde, Gernika-Lumon entzundako elkarrizketetan, erabilera parekoa izan dute emakumezkoek eta gizonezkoek.
Adina ez ezik, ingurua ere kontuan hartu beharra dago euskararen erabilera neurtzerako orduan; izan ere, bestelakoa da egoera erdiguneetako hiru ibilbideetan eta eskola inguruko ibilbideetan. Azken zonalde horretan, euskara nabarmen gehiago entzuten da: erdiguneko hiru ibilbideetako erabilera %40,6koa da, eta ikastetxe inguruetakoa, aldiz, %61,8koa. Halaber, haurren, helduen eta adinekoen datuak altuagogoak dira azken gune horietan, baina gazteen kasuan, erabilera antzekoa da inguru batean zein bestean.
Euskarazko gaitasuna
Euskararen erabileraren datuak aztertzeko, baina, euskarazko gaitasuna kontuan hartzea garrantzitsua izaten da, eta baita horrek izan duen bilakaera aztertzea ere. EUSTAT-en 2011ko datuen arabera, esaterako, Gernika-Lumoko euskaldunen kopurua %67,6koa da, ia euskaldunena (alegia, ulertzeko gaitasuna daukatenena) %16koa eta erdaldunena %16,4. Gaitasun hori, baina, aldatu egiten da adin tartearen arabera. Euskarazko gaitasun hori %87,5koa da haurren kasuan, %80,8koa gazteen artean, %62,4 helduetan eta %65,7 adinekoetan. Hala, talde horietan guztietan, alde nabarmena dago (%20a baino gehiago) gaitasunaren eta erabileraren artean. Hain justu, adinekoen artean dago diferentzia handiena; %65,7ak euskarazko gaitasuna daukan bitartean, %35,5ak egiten du euskaraz.
Datuak datu, Gernikako euskararen erabileran beheranzko joera dagoela azpimarratu du Larreak, eta kezkagarritzat jo du egoera; «joera bat delako, eta ez momentuan momentuko egoera bat». Era berean, ume eta gazteengan euskara erabiltzeko egiten den indarraz aritu da, eta aipatu du horiek direla euskara gehien erabiltzen dutenak. Horregatik, «helduei heldu behar» zaiela deritzo.