Bermeoko Udalak 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko
Udaletxeko eraikina berreskuratzeko lanen bigarren faseko obrak esleitzeko deialdia zabaldu du. Azaldu dutenez, esleipena
prozedura irekiaren bidez egingo dute.
Bermeoko udaletxea
Bigarren fasean, eraikinaren
egitura birgaituko da eta estalkia itxiko da. Horrela, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da. Era berean, jakinarazi dutenez, baldintzak ezarriko dituzte «falta izango litzatekeen azken esku hartzea egiteko». Bigarren faseko lanak
2018. urteko udarako amaituta egotea gurako lukete. Kontratuaren prezioa 494.754,61 eurokoa izango da, BEZ barne. Proposamenak ekainaren 28ra arte aurkeztu ahalko dira Berhaz bulegoan.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek esandakoaren arabera, bigarren fase horretako
lanen %30 inguru, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailak emandako 150.000 euroekin finantzatuko da. Bigarren fasearen
gainerakoa, udalak finantzatuko lukeela dio. Hala ere, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan daudela azaldu du, finantziazio gehiago lortu asmoz.
Bidegurenek gogorarazi duenez, udaletxea berreraikitzeko lanen
kostu osoa 1,2 milioi euro ingurukoa da. Hala,
erakundeen laguntza «beharrezkoa» dela nabarmendu du.
2013ko apirileko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, kalte garrantzitsuak sortu zituen Bermeoko Alde Zaharrean, eta, batez ere, Nardiz Tar Jon kalean. Eraikin asko kaltetu ziren, horien artean Bermeoko udaletxea. Bermeoko udaletxean zeuden zerbitzu guztiak, hortaz, 2013ko suteaz geroztik, Gizarte eta Kultura Etxean kokatuta daude: Idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak.
«Ezinbestekoa». 2015. urteko martxoan abiarazi zituzten udaletxea berreskuratzeko lanak. Eraikina hustu zuten eta estruktura berriaren lehenengo fasea eraiki zuten. Lan horiek aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi gabeko gastuen ataletik emandako diruarekin finantzatu zituzten.
Udaletxea Bermeoko eraikin «garrantzitsuenetarikoa» dela gogorarazi du alkateak, «bere balore patrimonialagatik, Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta baitago, eta herritarrentzat toki adierazgarria delako». Hori guztia kontuan izanik, bere esanetan, «ezinbestekoa» da berreskuratzea eta martxan jartzea. Alde Zaharraren bihotzean egonik,
Alde Zaharra biziberritzeko «funtsezkoa» dela uste du.