Gernika-Lumoko Udalak eta Bizkaiko Caritasek elkarlanean burutuko duten
Alkarlanda proiektua aurkeztu dute eguerdian.
Lau lur sailetan landatutako barazki eta lekaleak beharrizana dutenek kontsumitzeko izango dira. Gizarte-bazterketa jasaten duten edota zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei zuzenduta dago. Dozena bat pertsona izango dira onuradunak, baina itxarote zerrenda dagoela azaldu dute.
Ekimenaren lehenengo urtea denez, momentuz lau lur sailetan burutuko dute, baina, datorren urtean gehiago izan litezkeela zehaztu dute.
Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordea eta Carlos Bargos Bizkaiko Caritasen zuzendaria eguerdiko agerraldian.
Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak adierazi duenez, ortu ekologikoen araudian zehazten da “interes publikoa diren” proiektuetara esleitze zuzenak egitea. Lur sail osoaren %5 horretara bideratu litekeela jasotzen du araudiak. “Ikusi dugu oso aukera ona dela Caritasekin elkarlan hau egitea; oso proiektu berezi eta polita da. Jasangarritasunaren hankak batzen ditu: ingurumen arloa, alde soziala eta beharrizana duten pertsonen ekonomia garatzen laguntzen du”.
Carlos Bargos Bizkaiko Caritaseko zuzendariak udalaren laguntza eskertu du proiektu hau garatzen laguntzeko aukera emateagatik.
Proiektu sozial, ekonomiko eta ekologiko honekin hiru helburu nagusi lortu gura dituztela azaldu du. “Gizarte aktibazioa, gizarte partaidetza eta lan mundura txertatzea lortzea”.
Hain zuzen ere, lan mundura sartzeko
formazioa eta laguntza jasoko dute. Horrela haien “autonomia handitzen” dutela esan du Bargosek. Jendartearen parte hartzea ere bultzatzen du proiektuak. Izan ere, boluntarioek haien ezagutzagaz laguntzeko aukera dute: “Boluntariotzaren zeregina oso garrantzitsua da proiektu honetan. Esaterako, ortu ekologiko hauetan dauden jubilatuek asko lagundu diezaiekete”.
Zenbait ohitura bultzatzen ditu ekimenak; besteak beste,
lanarekiko ardura, talde lana eta prestakuntza sustatzen ditu. Etengabeko orientazioa jasoko dutela zehaztu du Bizkaiko Caritasen zuzendariak. Nekazaritza ekologikoari buruzko formazioa jaso, eta pertsona bakoitzak dituen “dohainak eta aukerak” aztertuko dituzte.
Bizkaiko Caritasek halako esperientziak martxan ditu dagoeneko, adibidez Derion eta Gordexolan. Burgoak esan duenez, mota honetako ekimenei esker, onuradun batzuk haien etorkizun profesionala nekazaritzan aurkitu dute. “Hasierako proiektuak, baserrietako pertsona nagusiei laguntzea jasotzen zuen, beti ere formakuntzaren bidez, eta horrekin batera, haien ortuez eta animaliez arduratzen ziren. Horrela perfil profesional bikoitza lortzen zuten”, azaldu du Burgosek.