Liburu bat, gorde eta oroitzeko
Oraina eta etorkizuna dituen herria da Gautegiz Arteaga, eta baita iragana eta memoria dituena. Historia bat dauka, eta kontatu egin nahi du, bildu eta gorde.
Gautegiz Arteagak badu historia bat, eta 80 urte beranduago bada ere, kontatu egin nahi du.Gautegiz Arteagak ere giza eskubideen zapalketa eta errepresioa jasan zuen 1936 eta 1945 urteen artean; hala baieztatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Gautegiz Arteagako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren laguntzagaz, garai haietan gertatutakoa ikertu, eta horri buruzko liburu bat argitaratu du, «herriko memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko». Duela hiru urte hasi zuten gai horri lotutako ibilbidea, Gautegiz Arteagan gerra eta Frankismoaren errepresioa nortzuk pairatu zuten argitzeko asmoz. Proiektuan, giza eskubideen defentsan funtsezkoak diren hiru ardatz hartu dituzte kontuan: egia, justizia eta erreparazioa. Egia azaleratzeko nahia. Egia da, hain zuzen ere, metodologia zientifikoaren bitartez, Aranzadi elkarteak azalerazi nahi izan duena. Egia hori ezagutzeko, hainbat artxibotan bilatu du informazioa elkarteak: Udal artxiboan, Bizkaiko Artxibo Probintzialean, Euskadiko Artxibo Historikoan eta espainiar estatuko zenbait artxibo militarretan. Hala ere, testigantzak paperean barik, oroimenean daudela-eta, Gautegiz Arteagako bederatzi pertsonen lekukotasunak ere jaso dituzte kaleratu berri duten liburuan. Azken horiengandik datuak, argazkiak, dokumentuak etabar eskuratu dituztela azaldu dute. Liburu hori, gainera, «aurrera jarraitzeko euren adorea eskertzeko modu bat da, eta euren idealak defendatzeagatik bizia galdu zutenak edota guztia galdu zutenak gogoratzeko modu bat da. Horien memoriak garena egiten gaitu. Eurek baitira eta gara Gautegiz Arteaga», azaldu du Naberanek.
Gautegiz Arteagako bederatzi pertsonen lekukotasunak ere jaso dituzte. Naberanene esanetan, “Horien memoriak garena egiten gaitu. Eurek baitira eta gara Gautegiz Arteaga”.Ikerketa batek bilatzen aritutako informazioa ematen du; gustukoa bada edo ez bada ere. Eta, kasu honetan, aurretik ezezagunak ziren hainbat datu jakiteko balio izan du. Jabi Buces Aranzadi elkarteko kide eta liburuaren idazleak jakinarazi duenez, ikerketari esker jakin ahal izan da Gautegiz Arteagako 87 herritar Euzko Gudarostean edo armada errepublikanoan erroldatu eta gerrara joan zirela. Horietatik zortzi, gainera, Euzko Gudarosteko miliziano erail zituztela azaldu du; «beste hiru, ordea, lehenengo armada horretan borroka egin eta gero gudaroste altxatuan mobilizatuak izan ziren, ondoren hil zituzten arte». Gernikako bonbardaketan hil zituztenen artean ere, gautegiz arteagarrak izan zirela zehaztu du Bucesek; hain zuzen ere, sei. Horietako lau Gautegiz Arteagan bertan hil zituzten – «Gernikan baino lehen bertan bota baitzituzten lehenengo bonbak»–, eta beste biak Gernika-Lumon. Ikerketak dioenez, gainera, Gautegiz Arteagako 46 bizilagun erbesteratu egin ziren, eta 87 gerran preso hartu zituzten –azken horietatik, 43 militar frankistek prozesatu eta epaitu zituztelarik–. Liburuaren aurkezpena. Herriko memoria historikoa berreskuratzea eta gordetzea helburu duen liburu hori ezagutara eman gura du udalak. Horretarako, herritarren aurreko aurkezpena egingo du domekan, 13:00etan Aretxederreta Kultur Etxean. Parte hartzeko gonbidapena egin die herritar guztiei; hala, interesa duten horiek bertaratzea baieztatu beharko dute Nueva Europagaz harremanetan jarrita (94-625 06 06/ nuevaeuropakomunikazioa@nuevaeuropa.com). Halaber, alkateak jakinarazi du liburua bera salgai jarriko dutela 15 euroren truke, eta aurkezpen egunean zertxobait merkeago izango dela. Bestalde, liburua egina egon arren, norbaitek Gautegiz Arteagako memoria historikoa berreskuratzeko daturen bat edo informazioren bat badu, udaletxean jasoko dutela jakitera eman dute.